Aurrera doa Bilboko Udala herritarren eskaerak kontuan hartzeko eta euren beharrak asetzeko erronkarekin. Uriko hainbat auzoetan igogailu publiko edota arrapala mekanikoei esker irisgarritasuna hobetzea, esaterako, da azkenaldian gehien fokalizatu duten auzia. Bada, orain, zortzigarren barrutiko bizilagunek Auzokide Planaren barruan eskatutako proiektu bat amaitu berri dute: Sabino Arana eta Tellagorri kaleen elkargunean dagoen parterreko bankuaren gainean markesina edo estalki berri bat instalatzea.

Horretarako, Bilboko Udalak 370.000 euroko aurrekontua bideratu du, eta azken bost hiletan egin dira aste honetan bertan amaitu diren lanak.

Proiektuari buruz

Proiektuak honako hauek aurreikusi ditu: parterrean zein plazan hondeatze-lanak egitea eta zimenduak jartzea, estalkia edo markesina instalatzea, eta granitozko zoladura birjartzea jatorrizko akabera berberekin. Egiturak uhin-diseinua du eta, gehienez ere, 5 metroko altuera du aurrealdean, eta 4,25 metrokoa atzealdean.

Markesinaren egitura metalikoa da, pilareekin eta habeekin osatua; zurezko uhalez eta efektu metalikozko PVCzko xaflaz estalita dago, funtzionaltasuna, iraunkortasuna eta diseinu garaikidea konbinatuz. Gainera, argiztapen integratua du, zazpi LED proiektagailuren bidez.

Halaber, proiektuak barne hartzen duenaren arabera, obrak ukitutako lorategiko hiru zuhaitz birkokatu egin dira, eta, beraz, beste toki batean birlandatuko dira, eta landaredi berria landatu da eta banakako sei eserleku bizkarraldedun jarri dira, baita ere.