Aurrera doa Bilboko Udala hiriko espazioak berritu eta irisgarriagoak egiteko erronkarekin. Oraingo honetan, 296.900 euroko aurrekontua bideratu egin du Zazpikaleetan kokatutako Gas plazako haur-parkea handitu eta hobetzeko. Aste honetan eman ditu amaitutzat obrak, eta dagoeneko erabilgarri dago. Orain, herritarrei aisialdirako espazio irisgarriagoa, inklusiboagoa eta adin guztietako umeen beharrizanetara egokitua eskainiko zaie.

Proiektua Auzokide planaren barruan egin da, eta honako hauek hartzen ditu barnean: bertan dagoen maldan txirrista berri bat jartzea, haurren hazkunde-etapa desberdinetara egokitutako elementuak izango dituen bigarren jolastoki bat sortzea eta zoladura eta hiri-altzariak osorik berritzea. Gainera, pergola batzuk jarri dira, gerizpea emateko eta erabiltzaileen erosotasuna hobetzeko.

Horrekin guztiarekin, Udalaren helburua, eremu horren estetika ez ezik, espazioen funtzionaltasuna eta hiri-irisgarritasuna ere hobetzea izan da.

Izan ere, gune berri hori irisgarritasun unibertsaleko irizpideekin eta material seguru eta jasangarriekin diseinatuta dago, haurren eta haien familien jolas partekatua eta bizikidetza bultzatzeko.

Jarduketaren barruan sartu dira, orobat, kautxuzko zoladura berritzea, plazako banku guztiak material iraunkorragoekin eta mantentzeko errazagoekin zaharberritzea, eta inguruneari kolorea eta balio estetikoa emango dion horma-irudi artistiko bat egitea.

Esan bezala, guztira, 296.900 euro inbertitu dira azken hiru hilabeteetan egin den obra honetan.