Urtero bezala, Bilboko Udalak bat egingo du otsailaren 12an ospatzen den Charlses Darwinen jaiotza omentzen duen egunarekin. Horren barruan, giza genetikaren eta horrek osasunean eta gaixotasunean eta ingurune desberdinetara egokitzean dituen ondorioen inguruan bi hitzaldi jasoko ditu Bidebarrieta Kulturguneak.

Hitzaldiak Bidebarrietako Liburutegiak, EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Zirkulu Eszeptikoak antolatu dituzte, eta 18:30ean hasiko dira. Sarrera doan izango da, aretoa bete arte. Ekitaldia Bidebarrieta Kulturguneko YouTube kanaletik ere jarraitu ahal izango da.

Lehenik eta behin, Francesc Calafell Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitateko Zientzia Esperimentalen eta Osasunaren saileko irakasle titularrak "Eboluzioak osasunari eta gaixotasunari buruz azaltzen duena" hitzaldia eskainiko du. Bere azalpenean, biologoak aztertuko du eboluzioaren legeek nola lagun dezaketen giza gaixotasun askoren jatorria eta banaketa ulertzen, baita balizko tratamenduak bideratzen ere. Era berean, azalduko du zergatik gaixotasun batzuk eremu geografiko jakin batzuetan kontzentratzen diren eta zergatik populazio isolatu batzuek gaixotasun jakin batzuen intzidentzia handiagoa duten eta, aldiz, beste batzuen aldean erresistentzia duten.

Ondoren, Neskuts Izagirrek, EHUko Genetika, Antropologia eta Animalien Fisiologia saileko irakasle titularrak, " Darwinen ondoren: hautespen naturala eta introgresio genetikoa gizakiengan " hitzaldia emango du. Bertan, hautespen naturalak larruazalaren pigmentazioa, laktasaren iraunkortasuna eta Indonesiako Bajau herriko apnean urpekaritza egiteko aparteko gaitasuna bezalako ezaugarriak nola modelatu dituen aztertuko du. Bere hitzaldian, gainera, introgresio genetikoaren papera azalduko du; eta baita beste hominido-espezie batzuekin izandako geneen transferentzia ere. Neandertalek, esate baterako, patogeno berrien aurrean erresistentzia eman ziguten, eta denisovanoen geneak ezinbestekoak dira Tibeteko populazioak garaiera handiko bizimodura egokitzeko duen gaitasuna azaltzeko. Azkenik, azalduko du ezaugarri horietako batzuk, ingurune modernoetan, nola bihur daitezkeen gaizki egokituak, hala nola gaixotasun autoimmuneak, alergiak eta obesitatea.

Francesc Calafell Majó Biologian doktorea da (Bartzelonako Unibertsitatea). 1998tik Pompeu Fabra Unibertsitateko Medikuntza eta Bizitza Zientzien saileko irakasle titularra da. Gainera, Biologia Ebolutiboko Institutuko (CSIC-UPF) Indibidualtasunaren Genomikako Laborategiko ikertzaile nagusia da. 200 artikulutik gora argitaratu ditu egilekide bezala, batez ere populazioen genetikaren esparruan. Giza aniztasun genetikoa atzertzen du, hiru ikuspegi hauetatik begiratuta: populazioena, gaixotasunena eta indibiduala, arreta berezia jarriz aldaketa genetikoaren egitura geografikoan.

Neskuts Izagirre Arribalzaga Biologian doktorea da (Euskal Herriko Unibertsitatea) eta Antropologia irakaslea EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Genetika, Antropologia eta Animalien Fisiologia sailean. Bere ikerketa antzinako gorpuzkietatik berreskuratutako DNAren azterketan oinarritzen da. Gaur egun, egungo giza populazioen datu genomikoak aztertzen ditu, haien eboluzio-historia berrosatzeko. Era berean, beste lankidetza bat hasi berri du metagenomikaren esparruan, irradiazio ultramorearen intentsitatearekin lotutako larruazalaren bakterio-konposizioaren analisian oinarrituta.

Darwin Eguna

Darwin Egunak Charles Darwin biologo eta naturalista ingelesaren jaiotza oroitarazten du, 1809ko otsailaren 12an. Bere figura zientziaren historiari lotuta geratu da 1859an "Espezieen Jatorria" argitaratu ondoren. Lan horretan eboluzioaren teoria formulatu zuen hautespen naturalaren bidez. Horri esker ezagutzen da izaki bizidun guztiak arbaso komun batengandik datozela eta espezieak denboran zehar aldatzen direla, zeinari eboluzioa deitzen baitzaio eta hautespen naturala deitzen zaion mekanismo baten eraginez sortzen baita.

Darwin Eguna Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoaren Katedrak, Bidebarrietako Liburutegiak eta Zirkulu Eszeptikoak antolatzen dute, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren eta El Correo egunkariaren laguntzarekin. Aurten hogeigarren edizioa beteko du hitzordu honek, urtero eboluzioaren teoriaren aitaren jaiotza oroitarazten duena.

Hitzaldietara ezin baduzu joan, streaming bidez ikus ahal izango duzu Bidebarrieta Kulturgunearen YouTubeko kanalean.

Bidebarrieta Kulturgunea Bidebarrietako Liburutegiaren barnean kulturari eskaintzen zaion gunea da. Kulturgunearen helburuetako bat da kultura, literatura eta zientzia garatzea eta sustatzea.