Bilboko Udalak Hirigintza eta Arkeologia Ondarea Babesteko Plan Bereziaren idazketari lotutako landa-lanak hasi berri dituFuntsezko fasea da hori udalaren ondare-katalogoaren ezagutzan, azterketan eta eguneratzean aurrera egiteko. Datozen asteetan, herritarrek bide publikoan aurkitu ahal izango dituzte, baita atari edo eraikinetan ere, udalak baimendutako teknikari baimenduak, plan honekin lotutako ikuskapen- eta dokumentazio-lanak egiten eta datuak hartzen.

Pertsona horiek behar bezala akreditatuta egongo dira eta Plan Bereziari lotutako helburu teknikoetarako baino ez dute lan egingo.

Edozelan ere, zalantzarik izanez gero, Asier Abaunza Hiri Plangintzako, Proiektu Estrategikoetako eta Espazio Publikoko Saileko zinegotziak gaur goizean adierazi duen moduan, "Hiri Plangintzako Sailarekin harremanetan jartzea gomendatzen da, informazioa kontrastatzeko eta lanak egiteko baimena duten pertsonen nortasuna egiaztatzeko". Horretarako, 94 420 42 13 telefono-zenbakira dei daiteke 08:00etatik 15:00etara.

Gainera, hauxe adierazi du: "Udalak aldez aurretik eskertzen du herritarren lankidetza, funtsezkoa baita Bilboko hirigintza eta arkeologia ondarearen kontserbazioan eta balorizazioan aurrera egiteko, batez ere ingurune batzuetan, hala nola Zabalgunean. Baina baita orain arte espezialistentzat ikusezinak izan diren beste batzuetan ere, esaterako Zazpi Kaleen ingurunea (berez, babestuta dagoena), adibidez Solokoetxe, Iturribide edo Fika kaleak". "Azken hamarkadetako (1970etik aurrera) arkitektura ere gainbegiratu nahi da –azaldu du zinegotziak–, 1995eko edo 2022ko HAPOn ez baitzen kontuan hartu, denboran hurbil zegoelako, eta aztertu eta balioetsi egingo da".

Ondarea kudeaketa eta haren balioa azpimarratzea

Hirigintza eta Arkeologia Ondarea Babesteko Plan Berezia izango da Bilboko ondarearen babesa eta kudeaketa doitzeko eta indartzeko eta balioa nabarmentzea tresna.

Gaur egun, hirian 1.235 eraikin edo elementu babestu daude; horrez gain, 23 hiri-multzo homogeneo, 67 hiri-elementu eta babes arkeologikoko 34 eremu daude, katalogatutako beste ondasun batzuen artean.

Planaren eremua Bilboko udalerri osoa izango da, Zazpi Kaleak eta Bilbo Zaharra izan ezik, horiek araudi propio eta espezifikoak baitauzkate. Landa-lanei esker, dagoen informazioa eguneratu eta osatu ahal izango da, eraikinetara (barnealdeak barne) eta hiri-espazioetara zuzeneko bisitak eginez; bisita horiek barrutika antolatuko dira.

Plan Berezia idazteko eta izapidetzeko kontratuaren garapenaren lehen fasea da. Udalak duela gutxi esleitu du eta, aurrerago, herritarrek parte hartzeko programa bat ere izango da, informaziorako eta kontsultarako ekintzekin eta prozesu osoan zehar emaitzak itzultzeko ekintzekin. Ildo horretan, hemendik aurrera kontsulta-saio teknikoak egingo dira hiriko ondarearen arloan ospe handia daukaten kolektibo edo profesionalekin, bai eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailarekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin ere.

Eremua eta ezaugarriak

Ondarearen Plan Bereziaren izapidetzea indarrean dagoen Bilboko 2022ko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren araudian jasotako aurreikuspenen barruan sartzen da.

Bilboko gune batzuk arkitekturagatik nabarmentzen dira eta arreta berezia merezi dute kale eta espazio batzuen ingurumen- eta paisaia-balioaren aintzatespenari dagokionez, adibidez San Ignazio eta Zabalgunea.Zabalgunean, bereziki, hiriko eraikin berezienetako asko biltzen dira, estilo eta joera arkitektoniko desberdinetakoak. Izan ere, katalogatutako eraikin, hiri-espazio eta monumentu-ondareko beste elementu esanguratsu asko eremu horretan daude.

Hori dela eta, eta berrikuntza gisa, etorkizuneko Plan Berezian Zabalguneko espazioen babesari buruzko gogoeta bat egitea proposatzen da; gune horren mugak dira Sabino Arana, Autonomia, Hurtado de Amezaga, Nafarroa, Erripa kaiak, Uribitarte, Evaristo Churruca kaleak eta beste batzuk, Jesusen Bihotza plazaraino (187 hektarea).

Ildo horretan, eta beste gai batzuen artean, Udalak multzo horren arauak hobeto definitzea planteatzen du, arreta berezia jarriz etxadien izkinetan (alakak), funtsezkoak baitira Zabalgunearen irudian. Tradizionalki, hiri-sarea eta, zehazki, eraikin bakoitza izan da arreta nagusia ondarean jarri duena, baina lan honen helburua da Moyua plazatik sortzen eta definitzen diren trazadurei berriz begiratzea.

Antolamenduko gidalerro eta irizpide orokorrak ezarri nahi dira, espazio hori osatzen duten eta banaka babestu gabe dauden eraikinetako jarduketei erantzuteko; izan ere, eraikin horietako batzuk babestuta daudenen artean tartekatuta daude. Gero, egoki bada, lurpeko garajeetarako sarreren, alaken eta abarren tratamendua zein den erabakiko da. Baina, berrikuntza modura, baita eraikin berezienen inguruko inguruneak eta espazio publikoaren tratamendua bera ere.

Lanak tresna edo datu-base bat sortu behar du, etorkizunean eraikinetan egingo diren jarduketen arabera mantentzeko eta eguneratzeko aukera emango duena, udaleko zerbitzu teknikoek kontrol handiagoa izan dezaten.