Bilboko Udalak hainbat hobekuntza egingo ditu itsasadarrean
Udalak jarduera garrantzitsu bat burutu berri du: Salbeko arroa Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren (BBUP) hodi biltzailetik deskonektatzea, 5 milioi euroko inbertsioarekin
Bilboko Udalak bost milioi euro bideratu ditu Salbeko arroa Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoko (BBUP) hodi biltzailetik deskonektatzeko. Obra mugarri hori duela gutxi amaitu egin da. Bada, orain, itsasadarreko uraren kalitatea hobetzen, ibilgura egiten diren isurketak murrizten eta uholdeak prebenitzen jarraituko du, beste obra hidrauliko batzuk eginez eza monitorizazio adimenduneko sistemak ezarriz.
Izan ere, azken urteotan, Bilboko Arroak Birnaturalizatzeko Planaren barruan egin diren lan horiek Artxandako iparraldeko arroa hobetu dute nagusiki (Iparraldeko Arroaren Plan Zuzentzailea). Eremu horretarako udal-inbertsioa 16 milioi eurotik gorakoa izango dela aurreikusi da, 2022 eta 2028 urteen artean. Obren % 50a gauzatu da jada.
Jarduketa konplexuak dira, euri-uraren kudeaketa eraginkorrerako ezarritako helburuekin eta arau- eta plangintza-esparruekin bat datozenak. Bilbo aitzindaria da honelako neurriak ezartzen.
Isurketak murriztea eta uraren kalitatea hobetzea
Iparraldeko Arroaren Plan Zuzentzaileak sare berrien 7.000 metro baino gehiago eraikitzea aurreikusten du, besteak beste. Planaren helburu nagusia itsasadarrera iristen den uraren kalitatea hobetzea, isuri kutsatzaileak murriztea eta euri-ura hobeto kudeatzea da, batez ere prezipitazio handiak daudenean. Horretarako, Uren Udal Zerbitzua hainbat jarduera egiten ari da.
Udalak ildo horretan egindako jarduketen artean, honako hauek nabarmentzen dira: euri-uren eta hondakin-uren sareak bereiztea, drainatze jasangarriko hiri-sistemak instalatzea, euri-urak arazteko sistemak ezartzea eta kolektoreak hobetzea (haien edukiera hidraulikoa eta egitura). Obra eta neurri horiei esker, euri-uraren zati handi bat ez da igaro behar Galindoko araztegitik (Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoarena); horrela, gainkargak saihesten dira eta itsasadarrera egiten diren isurketak murrizten dira euri asko egiten duenean.
Horrenbestez, euri-uraren % 94 inguru zuzenean itzul daiteke itsasadarrera, kalitatea egiaztatu ondoren. Hori egin aurretik, hondakinak, solidoak eta hidrokarburo-hondarrak ezabatzen dituzten sistemetatik igarotzen da ura. Gainera, sentsore-sare batek uraren kalitatea denbora errealean monitorizatzen du.
Salben amaitu berri den azpiegiturak, gainera, ezohiko isurketen aurrean jarduteko protokolo bat du. Protokolo horrek aukera ematen du, kalitate-atalaseak gainditzen direla hautemanez gero, kutsatutako urak hondakin-uren araztegira bideratzeko eta, horrela, itsasadarraren eta ingurune naturalaren babesa bermatzeko.
Proiektu honekin, Bilbok jasangarritasunarekin, ibai-ekosistemen babesarekin eta klima-aldaketara egokitzearekin duen konpromisoa berresten du, eta uraren ziklo integralaren kudeaketa moderno eta adimendunaren aldeko apustua egiten du. Horrek zuzeneko eragina dauka herritarren bizi-kalitatean eta itsasadarraren babesean, hiriaren ingurumen-aktibo nagusietako bat den aldetik.