Bilbok bat egingo du Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunarekin
Udalak bat egin du Elhuyarrek sustatutako "Otsailaren 11 erakusleihoak" ekimenaren seigarren edizioarekin
Urtero bezala, Bilboko Udalak bat egingo du otsailaren 11n ospatuko den Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko egunarekin. Aurten, gainera, hiriko 50 establezimenduk hartuko dute parte Bilbao Ekintzak eta Elhuyarrek martxan jarritako 'Otsailaren 11 erakusleihoak' ekimenean. Ekimenaren seigarren edizio hori gaurtik, otsailaren 2tik, otsailaren 11ra bitartean egingo da, emakumeek zientziaren eta teknologiaren arloan egiten duten lana ezagutarazteko.
Bilboko 50 establezimenduetako bakoitzak bere erakusleihoa eskainiko dio zientzialari baten lanari; horretarako, gaurtik aurrera, emakumezko zientzialari baten lanari buruzko informazioa duten irudiak eta kartelak jartzen hasiko dira establezimenduetan, eta haren ikerketan inspiratutako irudiekin apainduko dituzte dendak. Modu horretan, saltzaileak 12 zientzialari horien lanaren eta bizitzaren dibulgatzaile bihurtuko dira, eta emakumeek zientziari egindako ekarpena herritarrei helarazten lagunduko dute.
Erakusleiho horietako dekorazioez gozatzeaz gain, Bilboko herritarrek 12 zientzialari horiei buruzko ginkana publiko batean ere parte hartu ahal izango dute: erakusleihoetako karteletan agertuko den QR kode baten bidez, ginkana osatu ahal izango dute emakumezko zientzialariei buruzko galderei online erantzunez.
'Otsailaren 11 erakusleihoak' Elhuyarrek Bizilabe proiektuaren baitan duela sei urte sortutako ekimena da, gazteentzako diseinatutako aisialdiko jarduera zientifiko-teknologikoen barruan.
STEAM hezkuntzaren bidez, Elhuyarrek gai zientifiko eta teknologikoetan parte hartzera animatzen ditu neskak urte osoan zehar, horretarako, emakume zientzialarien lana ikusarazten du eta lan horren garrantzia azpimarratzeko proiektuak egiten ditu, erreferenteak sortzeko eta beren ikerketa-lanak gazteei hurbiltzeko asmoz. Horrela, emakume horien bizitza, ibilbidea eta eredua ezagutzeko aukera eskaintzen zaie gazteei, ideia faltsuak eta estereotipoak alde batera uzteko.
'Otsailaren 11 erakusleihoak' ekimenean parte hartu duten Bilboko 50 saltokiak: A2m Gabinete de fisioterapia, Alberto Valencia Fotografía, Anna Pan y Café, Atelier Olga Yrazu, Autoservicio Álvaro, Banfi estanco 94, Bar Patxo, Bilbokomunik2, Cerrajería Wilma, Centro de estética Tania Lorenzo, Ck estilistas, Clínica dental Bilbo Latina, Dietética y masajes Ponin, EHUdenda, Entrefocos, Farmacia Arantza Madariaga Pérez, Farmacia Feo Onzain, Farmacia Inma Olabarrieta Ibarrondo, Farmacia M.A. Linaza Peña, Farmacia Miren Gallastegui Ispizua, Farmacia Sofía Mendizabal - Katia Minteguia, Farmacia Villasante, Farmacia Zubiri Zuaznabar, Ferretería Rekalde, F2 informática, Glass Art studio, Geuria Merkatua, Informática Zorrotza.com, Kumon Indautxu, Lagun Onak, Libertad Avenue, Librería Etxean, Librería Garza, Nahiarte, Occident Seguros - Agencia Iker Alonso, Óptica Ilarte, Optikari, Pedro Salcedo, Podología Ana Gutiérrez, Psikolan, Punto y seguido, Resukare estética, Soik Centro de día, Sopa de sapo, Terai cosmética, The skin by cirugía plástica Bilbao, Tonific, Txibirita herbodietética, Uribarri Fisioterapia eta Yesser decoración.