Datorren astelehenetik igandera bitartean, hau da, urtarrilaren 12tik 18ra, bilbotarrek Aratusteetako iragarki-kartela aukeratzeko aukera izango dute. Partaideek, sei irudi finalisten artean aukera dezakete: 'Bilbao se disfraza'. 'La Sardina Gondolera', 'El carnaval camina hacia Bilbao', 'Bilbao colorido', 'Dena prest! - ¡Todo listo!' eta 'Aratuste dantzariak'.
Obra finalisten hautaketan, epaimahaiak kontuan hartu ditu bai kartela egiteko orduan erakutsitako kalitate teknikoa bai gaien barietatea. Kartel horiek 91 lanen artean hautatu dituzte.
Botoa emateko epeak eta sistema
Orain, herritarrek kartel irabazlea hautatzen parte hartu ahal izango dute. Botoa urtarrilaren 12tik 18ra eman ahal izango dute herritarrek, bi modutan:
- Bertatik bertara, Abandoko udaltegira (Barrainkua kalea, 5) joanda. Udaltegian, izan ere, kartel finalistak erakusgai egongo dira, harik eta hautaketa amaitu arte. Parte hartzeko ordutegia, berriz hau izango da: astelehenetik barikura, 8:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 21:30era.
- Online, Bilboko Udalaren webgunearen bidez.
Botoa emateko, nortasuna egiaztatzen duen agiriren bat aurkeztu beharko da, hala nola NANa, gidatzeko baimena edo antzekoren bat.
Epaimahaiak ere egingo du bozketa. Hiru bozketak batuta puntuaziorik handiena lortzen duen kartela hautatuko da. Aurten, herri-bozketak bere pisua handituko du eta azken erabakiaren %70 izango da, online emandako botoak (%35) eta aurrez aurrekoak (%35) batuta.
Obra irabazlearen egileak 2.000 euroko saria jasoko du, eta urtarrilaren 21ean aurkeztuko da obra prentsaurreko batean, Bilboko Udaletxean.