Urtero bezala, Ekialdeko Errege Magoak Bilbora helduko dira datorren astelehenean, urtarrilaren 5ean, eta Bilboko Udalak harrera egingo die udaletxeko Areto Arabiarrean, urteko gaurik magikoena baino lehen. Hala, Meltxor, Gaspar eta Baltasar umeen gutunak jasoko dituzte goizeko 10:00etatik 14:00etara bitartean.
Hitzordua ahalik eta arinena izan dadin, eta bertaratzen direnen itxaronaldia errazteko, herritarren eskura jarriko diren doako 2.000 sarreretako bat beharko da sartzeko. Gonbidapenak, gaurtik, abenduak 30, 10:00etatik aurrera eskuratu ahal izango dira, Bilbao Kultura webguneko esteka honetan. Erreserba bakoitzagatik haurrentzako 3 sarrera hartu ahal izango dira gehienez, eta umeak pertsona helduek lagunduta joan beharko dute Udaletxera. Helduek ez dute sarrerarik eskuratu behar izango.
Gonbidapenak 10 minutuko tarteetan ezartzen dira; lehen ordua 10:00etan izango da eta, azkena, 13:50ean. Lehenago, 9:30ean, behar bereziak dituzten elkarteei sarbidea emango zaie.
Harrerak neurri integratzaileak izango ditu, hala nola zeinu-interpreteen zerbitzua, eta Mugikortasun Murriztua duten pertsonei laguntzekoa eta sarbidea erraztekoa. Gainera, 11:00ak arte ez da musikarik egongo eraikinaren kanpoaldean; horrela, soinu-asaldurarik gabeko espazioa izango da, espektro autistaren nahastea (EAN) duten pertsonengan pentsatuz.
Arratsaldez, Errege Magoek Bilboko kaleak zehartuko dituzte, Erregeen Kabalgatan. Hau, Udaletxean amaituko da eta, bertan, Erregeek euren tradiziozko mezua botako dute, Balkoi nagusitik.