Bihartik aurrera, hau da, urte berriaren hasierarekin batera, A ingurumen-kategoriako ibilgailuek ezin izango dira sartu eta ezingo dute zirkulatu eta aparkatu Bilboko EGEan, ordenantzan jasotako salbuespen eta moratorietan izan ezik.
Hau da, bereizgarririk gabeko ibilgailuek sartzen jarraitu ahal izango dute –B etiketa duten ibilgailuek bezala–, baldin eta 2024ko ekainaren 15a baino lehenagotik EGEan erroldatuta dauden egoiliarrenak badira, mugikortasun urriko pertsonak garraiatzen badituzte, ibilgailu historikoak badira, 50 cc baino gutxiagoko ziklomotorrak badira eta fabrikazioz gehienez 45 km/h-ko abiadura badute. Larrialdietako eta funtsezko ibilgailuek ez dute murrizketarik izango.
Era berean, moratoria (2030) izango dute eta libreki sartu ahal izango dira EGEan garaje-partzela edo DAR bereizgarria duten eta 1955ean eta aurreko urteetan jaiotakoak diren egoiliarren A eta B ibilgailuak, inbertsio gehigarria duten ibilgailuak, ezohiko jarduera eta ekitaldietakoak, eta pertsonak kontsulta eta tratamendu medikoetara garraiatzen dituztenak.
Joan den ekainaren 16tik aurrera, B bereizgarria duten ibilgailuek ezin dute eremu horretatik zirkulatu, salbu eta EGEaren logotipoarekin seinaleztatutako txandakako aparkalekuetan aparkatzeko sartzen direnek edo aurreikusitako salbuespen eta moratorietako batzuen onuradun izan daitezkeenek. 0, Eco eta C ibilgailuek ez dute murrizketarik izango.
EGE
EGEaren fase berria urtarrilaren 2an hasiko da, eta EGEaren Informazio Bulegoak (Erripa kalea 7) irekita jarraitzen du, zalantzak argitzeko eta izapideak egiteko. Erabilgarri daude, halaber, 94 644 54 12 telefono-zenbakia eta Udalaren webgune ofiziala: www.bilbao.eus.
Emisio Gutxiko Eremua 2024ko ekainaren 15ean jarri zen indarrean, eta pixkanaka ezartzen ari da, 2030era arteko moratoriekin egokitzea errazteko.
Helburua zera da, ingurumen-helburuak ahalik eta inpaktu txikienarekin lortzea 2030erako, Europar Batasunaren jarraibideak betez. Gidalerro horiek eskatzen dutenaren arabera, 50.000 biztanletik gorako hiri guztiek mugikortasunaren ondoriozko emisioak murrizteko neurriak hartu behar dituzte, bai eta hirian eremu espezifikoak ezarri ere, errepideko zirkulazio kutsatzaileena murrizteko helburuarekin.
EGEaren ezarpena Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren bidez finantzatu da (Europar Batasunak finantzatuta, NextGenerationEU).
EGEa arautzen duen ordenantzak, abenduaren 23ko 2822/1998 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat eginez, ibilgailuak hainbat kategoriatan sailkatzen ditu kutsatzeko ahalmenaren eta ingurumen-bereizgarriaren arabera:
- Gutxi kutsatzen duen ibilgailua: 0 emisioko ibilgailua, ECO eta C.
- Ibilgailu kutsatzailea: B ibilgailuak.
- Ibilgailu kutsatzaile handia: A ibilgailuak edo etiketarik gabeak
Gogorarazi behar da Bilbon ez dela inolako bereizgarririk edo eranskailu fisikorik eraman beharko ibilgailuan, ezta aldez aurretik halakorik eskatu behar ere. EGErako sarbideen kontrola ibilgailuen matrikulak irakurtzeko kameren sistema baten bidez egiten da, eta sistema hori udalaren datu-basearekin eta DGTarekin dago konektatuta.