Amaitzear dagoen 2025 honetako balantzea egin du Bilboko Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoak (KIUB), eta oso zifra positiboak azaldu ditu. Guztira, kontzumitzaileen 137.383 euro berreskuratu ditu, hiru kontzeptu zehatzetan egindako erreklamazioetatik.
Lehenengoa, hipoteka-gastuak itzultzeko erreklamazioak izan dira; bigarrena, bainuontzien ordez dutxak jartzen zituen enpresa baten bidegabeko kobrantzei dagozkie, eta azkena, gailu mugikorren eskaintza batengatik aldez aurretik kobratu baina gailuak entregatzen ez zituen beste enpresa bati dagozkio.
Álvaro Pérez Osasun eta Kontsumo Saileko zinegotziaren ustez, «KIUBeko langileen eraginkortasuna eta profesionaltasuna ez ezik, kontsumitzaileek udal-erakunde horren lanean gero eta konfiantza handiagoa dutela erakusten du datu horrek».
KIUBek 186 espediente kudeatu ditu hiru kontzeptu horietan; horietatik 134 hipoteka-gastuei dagozkie, 16 dutxak instalatzeko bidegabeko kobrantzei buruzkoak dira eta 26 gailu mugikorren salmentari buruzkoak.
Hipoteka-gastuak itzultzeari dagokionez (notarioa, erregistroa, gestoria eta tasazioa), kontsumitzaileak gastu horiek ordainduta zituen, eta justiziak erabaki zuen gastu horiek banku-erakundeari zegozkiola. Ondorioz, orain arte 50.173 euro berreskuratu dira kontsumitzaileen alde, auzibidera jo beharrik gabe.
Bainuontziaren ordez dutxa jartzeko eskaintzari dagokionez, enpresa instalatzaileak proiektua banku-erakunde baten bidez finantzatzea proposatzen zuen, eta banku-erakunde hori kuotak kobratzen hasten zen, aldaketa egin aurretik. Bilboko KIUBek 16 erreklamazio izapidetu zituen, eta horietatik 15ek aldeko ebazpena jaso zuten, finantzaketa-kontratuak geldiaraziz eta bidegabeki ordaindutako kuotak berreskuratuz (74.212 euro guztira).
Gailu mugikorren salmentaren kasuan, eskaintza egiten zuen enpresak, dirua jaso ondoren, ez zuen produktua bidaltzen eta ez zuen ordaindutako dirua itzultzen. 26 erreklamazio izapidetu dira. Orain arte, horietako 23tan aldeko ebazpena eman da, eta kontsumitzaileek emandako dirutik 12.998 euro berreskuratu dira.