Gabon guztietan bezala, jende ugarik material piroteknikoa erabiliko du urtearen amaiera ospatzeko. Hala, Bilboko Udalak material hori modu desegokian ez erabiltzeko gomendioak zabaldu ditu.
Beste urte batez, Udalak horrelako elementuak manipulatzeak arriskuak dakartzala nabarmendu nahi du, eta herritarren erantzukizuna eskatzen du, material horiek arrisku larriak sor baititzakete norberaren eta beste pertsona batzuen segurtasunerako, bai eta ondasun eta ondare publiko zein pribatuetarako ere.
Hortaz, berriro ere, hiriko bizilagunei suziriak eta petardoak erabiltzean kontu handiz ibiltzeko eskatzen die.
Material piroteknikoa behar bezala ez erabiltzeak erredurak eta zauri larriak eragin ditzake, eta, gehienetan, eragozpen gehigarriak sortzen ditu, batez ere kolektibo zaurgarrienei (haurrak, adinekoak, gaixoak edo maskotak), bai eta ordena publikoa asaldatu ere.
Gainera, suziri eta petardoak hiriko eraikin eta altzarien aurka jaurtitzen direnean, arriskua handiagoa izaten da. Iazko Gabonetan, material piroteknikoa gehien erabiltzen den 4 egunetan (Gabon gaua, Eguberri eguna, Gabon zaharra eta Urteberri eguna), Bilboko suhiltzaileek 14 esku-hartze egin zituzten suteengatik. Haietatik 2 etxebizitzetako suteengatik, bat sute elektrikoagatik eta 11, altzari publikoen suteengatik (edukiontziak).
Beraz, Bilboko Udalak herritarren laguntza eskatzen du gizalegearen kontrako jokabide horiek prebenitzeko, eta gogorarazten du material piroteknikoa baimendutako salmenta-establezimenduetan soilik erosi behar dela.
Gabonetan, gainera, Bilboko udaltzainek zorrozki kontrolatzen dute material piroteknikoa baimen barik ez dela saltzen (dela merkataritzako establezimenduetan, dela kalez kaleko salmentan).
Material piroteknikoa manipulatzeko kategoriak eta gutxieneko adinak
Material piroteknikoa Gobernu Ordezkaritzak baimendutako lokaletan eskuratu behar da beti, segurtasunagatik. Baina, horrez gain, edozelako material piroteknikoa maneiatzeko, nahitaezkoa da erabiltzeko jarraibideak betetzea eta kontuan hartzea beti haiek erabiltzeko gutxieneko adina kasu bakoitzean.
F1 kategoria:
- Arrisku oso txikia.
- Barrualdeetan erabil daitezke.
- Gutxieneko adina: 12 urte.
- Adibideak: bengalak eta bonbatxoak.
F2 kategoria:
- Arrisku txikia.
- Erabili aire zabalean (lorategietan eta abarretan).
- Gutxieneko adina: 16 urte.
- Adibideak: petardoak, bengalak eta iturriak.
F3 kategoria:
- Arrisku ertaina
- Erabili estali gabeko eremu handi eta zabaletan.
- Gutxieneko adina: 18 urte.
- Adibidez: trumoiak, trakak eta bolanderak.
Gomendioak
- Kasu egin beti elementu piroteknikoen kutxetan datozen jarraibideei.
- Begiratu erabilera-arauak, ez maneiatu suzirien osagaiak eta ez jaurti akatsen bat badaukate.
- Ez erosi suziririk bere ontzian edo bilgarrian ez badago.
- Aire artifizioak bota baino lehen, ziurtatu haiek gorantz egitea eragozten duen ezer ez dagoela; ez piztu beste suziri batzuen ondoan eta ez gorde suziririk poltsikoetan edo arropetan.
- Ez jarri gorputz-atalik suziriaren gainean edo aurrean.
- Ez jaurti pertsonen, animalien edo ondasunen kontra.
- Ez jarri botilen edo laten barruan.
- Piztu metxa urrunen dagoen muturretik, haizeari bizkarra emanda. Metxa piztu eta berehala, urrundu. Piztean huts egin bada, itxaron gutxienez 30 minutu berriz ere piztu baino lehen. Metxa ez badago osorik eta ukigabe, suziria erabilezin utzi beharko litzateke eta urez betetako ontzi batean sartu, gutxienez 8 orduz.