Síguenos en redes sociales:

Lankidetza-hitzarmena sinatu dute Azkuna Zentroak eta BilbaoArtek

Akordioak ezartzen du BilbaoArtek bere gain hartuko duela Azkuna Zentroaren kulturaren programazioaren ikuskapena

Lankidetza-hitzarmena sinatu dute Azkuna Zentroak eta BilbaoArtekBilboko Udala

Baliabideak optimizatzeko, jarduerak koordinatzeko eta erakunde biek hiriko bizitza kulturalean daukaten presentzia indartzeko hitzarmena sinatu du Bilboko Udalak astelehen honetan goizean bere kultura-erakunde bien bidez (Azkuna Zentroa – Alhondiga Bilbao, Gizarte eta Kultura Garaikidearen Zentroa eta BilbaoArte Fundazioa).

BilbaoArteko Patronatuak gaur goizean hitzarmena sinatzea onartu du, eta datozen egunetan Azkuna Zentroko Administrazio Kontseiluak ere hala egitea espero da.

Akordioak ezartzen du BilbaoArtek bere gain hartuko duela Azkuna Zentroaren kultura-programazioaren gainbegiratzea. Zeregin horren buru Helena López Camacho izango da, orain arte Uribitarte40 erakusketa-aretoaren arduraduna izan dena, eta hemendik aurrera BilbaoArteko zuzendariordea izango da.

Azkuna Zentroak, bere aldetik, Bilbao Arteren ekonomia-, administrazio-, zerga- eta kontabilitate-zereginak gainbegiratuko ditu. Funtzio hori Gizarte eta Kultura Garaikidearen Zentroko Zerbitzu Orokorretako arduradun den Jorge Landa Deustuk beteko du.

Horrela, erakunde biak beren esperientziatik eta baliabideetatik eratorritako sinergien onura jasoko dute, eta kudeaketa eraginkorragoa eta koordinatuagoa bermatuko dute. 

Hitzarmenak, hasiera batean, urte biko indarraldia izango du 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera, eta lau urtera arteko aldietan luzatu ahal izango da. Jarraipen Batzorde Misto bat izango du, Udalaren eta entitate bien ordezkariek osatua, hitzarmena betetzen dela gainbegiratzeko eta hobekuntzak proposatzeko. Hitzarmenetik eratorritako jarduketek ez dute ekarriko alderdien arteko transferentzia ekonomikorik, eta dauden lanpostuei eutsiko zaiela bermatuko da.

Neurri horrekin, Bilboko Udalak erakunde bien arteko lankidetza instituzionala bermatzeko konpromisoa berresten du, programazio sendoagoa eta kudeaketa eraginkorragoa eskaini ahal izateko. Izan ere, lankidetza hori izan liteke erakunde bakar bat sortzeko lehen urratsa, gaur egun Azkuna Zentroari eta BilbaoArte Fundazioari esleitutako helburuak bere gain hartuko lituzkeena, kultura garaikidea hiriko ardatz estrategiko gisa sustatzeko.

Javier Riañok kargua utziko du

Era berean, Javier Riaño, BilbaoArte Fundazioaren egungo zuzendaria, kargua utziko du hurrengo asteetan bere ibilbide artistiko pertsonalarekin jarraitzeko. Bilbon jaioa 1959an, Fundazioaren lehen zuzendaria izan zen 1998tik 2010era. 2022ko otsailean berriro hartu zuen zuzendaritza, Juan Zapater López-en ordez.

Riañok funtsezko papera izan du BilbaoArte sendotzen, sorkuntza garaikidearen erreferente gisa, tokiko, estatuko eta europar mailan, bere instalazioei, baliabideei eta artistak profesionalizatzeko laguntzei esker.