Bilboko auzoak izango dira astelehen honetan bertan aurkeztu berri den Kultur Gabonak programaren edizio berriaren protagonistak. Adin eta gustu guztientzako doako jarduera ugari eskainiko dira aurten, publiko guztiengana iristeko.
Kultur Gabonak Hiriko barrutietan kultura-jarduerak deszentralizatzeko proiektuaren barruan kokatzen da; izan ere, kultura- eta aisialdi-eskaintza gero eta auzo gehiagotara iristea sustatzen du, eta helburu hori Bilboko 2023-2033 Kultura Plan Estrategikoan jasotzen da.
Modu horretan, Bilboko auzoek protagonismo berezia izango dute, jarduerak honako Barruti hauetako zentroetan egingo baitira: Abando, Altamira, Basurto, Begoña, Castaños, Deusto, Errekalde, Masustegi, Otxarkoaga, Santutxu eta Uretamendi; baita tenplu erlijiosoetan ere (Abesbatzen Gabonetako kontzertuak eta “Argazkineta show parte hartzeko ikuskizuna); kultur etxeetan (Bidebarrieta Liburutegia); ikastetxeetan (Bertendona Institutua eta Solokoetxeko Institutua); kirol-zentroetan (Zorrotzako pilotalekua); eta auzo ezberdinetako hainbat kale eta parketan (hala nola, San Inazioko Levante plaza, Santutxuko Basarrate plaza, Basurtoko Aita Donosti plaza, Alde Zaharreko Santiago plaza eta Abusu-La Peña, Deustu eta San Inazioko kaleak, aire zabalean egingo diren jardueretarako).
Kultur Gabonak programazioa gaur, abenduak 1, astelehena, hasiko da Atxurin, Abesbatzen Gabonetako kontzertuarekin Bilbao Musikako Gazte Abesbatzaren eta San Anton Orfeoiaren kontzertuarekin Enkarnazio Elizan, eta abenduaren 31n, asteazkena, amaituko da, Ondalan Erraldoien Konpartsak eskainitako erraldoien kalejira batekin, Deustuko Luzarra kalean.
Guztira 31 egunetan bilbotarrek eta bisitariek aukera izango dute hainbat generotako ikuskizunez gozatzeko; tartean, arte eszenikoak (antzerkia, dantza, clowna, txotxongiloak, zirkua, magia, etab.), zinema, kontzertuak eta literaturarekin, gaurkotasunarekin eta zientziarekin lotutako hitzaldiak, topaketak eta ekitaldiak. Programazioa adin desberdinetako publikoarentzat pentsatu da, euskaraz eta gaztelaniaz izango da, irisgarritasun-ekimenak indartuko dira, eta Hiriaren tradizioa eta kultura-nortasuna ere ondo presente egongo dira.
Kalitateak eta aniztasunak definitzen ditu arte eszenikoetako publiko gazte eta helduari zuzendutako ikuskizunak, antzerkiari bereziki erreparatuta: (Alopargo Teatroaren “Sarat Made”; Anduriña Zurutuza eta Beatriz Egizabalen “Jo!”; Las Couchers-en “Charlas de azucarillo”; Lokatz Loreak Sormen Taldearen “Itzal(iko) bagina”, bertsolaritzan oinarritutako antzerki-ikuskizuna aurkeztuko dutenak; Itxartu Antzerki Taldearen “El zoo de las plumas”; Luna llenaren “Los ángeles de Sabin”; eta Sesión Teatro Breveren “Encuentro nocturno de muerte y olvido”, “Corsarios” eta “Vinagre” piezak) – Luna llenaren eta Sesión Teatro Breveren emanaldiak Bilboko Zirkuitua udal-programaren barnean kokatzen dira —; bakarrizketak (Belen Nevadoren “Ovarios verdes fritos”; Maria Cruikshanken “Simpol”; Paloma Calleren “Paloma Calle que se calle”; “Stand Ieup komedy” Jose Cruz Gurrutxaga eta Kaittin Allenderekin); bakarrizketa eta umorezko abestiak (Joseba Perez “Mejorando a peor” lanarekin); komedia inprobisatua (Leire Orbe, Sergio Arrozpide eta Axlor Riezu “Terapia de grupo” lanarekin); edo bakarrizketa dramatikoa (Oscar Wilderen “De Profundis, Iker Ortiz de Zaratek antzeztua).
Abenduan, Bidebarrieta Liburutegian, Bidebarrieta Kulturgunearen baitan, liburuen aurkezpenak egingo dira; adibidez, Blas de Oteroren “Pido la paz y la palabra” liburuaren edizio berezia, argitaratu zeneko 70. Urteurrena dela-eta; eta Aroa Morenoren eta Fermin Bocosen azken lanak. Halaber, Bidebarrieta Zientifikoa (garunaren plastikotasun-mekanismoei buruzko hitzaldia) eta Elkarrizketak Literaturarekin (“Sorkuntzaren zubiak: kazetaritzatik poesiara”) izango dira.
Familiei dagokienez, honako ikuskizun hauetaz gozatzeko aukera izango dute: txotxongiloak eta itzalak (Bego Alabazan eta “Luziaren sekretua”); txotxongiloak (Zurrunka Teatroa eta “Pulcinella Txio-Txinela”); clowna (Cia. Tiritirantes eta “Bazen behin …”); marionetak (Mauma eta “Desberdinak gara eta harro gaude”); antzerkia (Panpotx Kultur Elkartea eta “Arin arin erbiaren abenturak”); zirkua (Zirkugintza eta “Zirkoteke”); ipuin kontalariak (Sorgina Txirulina eta “Din, dan, don, Eguberri on!”); pailazoak (Xilipurdi Antzerkia eta “Pepa eta kutxo pailazokeriak”); magia (Asier Kidam “Aroa eta mirariak” ekitaldiaren protagonista, eta Dramagia eta “Bidaiari magiko baten sekretuak”). Gainera, Zirkozaurreren eskutik, zirku-kalejira bat egingo da malabarista, akrobata, orekari eta musikariekin, eta Abusuko kale eta plazak kolorez beteko dituzte, Olentzeroren desfile tradizionalarekin batera.
Oraingo honetan, zinema ere batuko zaie Gabonetako kultur ekitaldiei, Zinetxiki Zinemaldiaren barruko animaziozko film laburrekin. Haur eta familientzako zinemaldia izango da. Abenduaren 22an, astelehena, emango dira, Abandoko Udaltegian, 18:00etatik aurrera.
Publiko guztiei zuzenduta, abenduaren 9an, asteartea, 19:00etan, Rosa Vendrell Mireten eskutik “Memorias líquidas, voces de lavanderas” lanaren proiekzioa, hitzaldia eta musika izango dira Abandoko Udaltegian. Abenduaren 16an, asteartea, 19:00etan, “Argazkineta show: tras recolectar, es hora de contar” parte hartzeko ikuskizuna eskainiko da San Adrian auzoko Lourdes Andre Mariaren eta San Adrianen Elizan. Ekimena Bilboko Udalaren Bilbao Izan programan kokatzen da, eta horren helburua da aurtengo edizioan auzoaren historia zabaltzea.
Halaber, musika Kultur Gabonaken ekitaldi ugariren protagonista izango da. Besteak beste, honako hauek izango ditugu: Péter & Zoltán Katonaren “Dúo internacional de guitarras” kontzertua, Mila Musika Haria programakoa eta programa itxiko duena; Hiriko hainbat eliza eta parrokietan publiko guztientzako Abesbatzen Gabonetako kontzertuak; Bilboko Udal Txistulari Bandaren emanaldia Ahotsak Abesbatzarekin eta Gorka Aginaga pianistarekin batera, “Elur malutak”, Miribillan; Jon Ander Tobalinak eta Georgina Barriosek eskainitako “Del Bel canto a nuestros ritmos” kontzertua; eta Jakes Txapartegi, Esther Barandiaran eta Iñaki Salvadorren “Alrededor de un piano: lo que nos une” kontzertua.
Euskal Kultura
Hiriko tradizioa eta kultur nortasuna eta euskal kultura izango dira beste behin Kultur Gabonak ekimenean. 2025ean, dantzak eskainiko dira hainbat barrutitan (dantzen alardea Ibai Arte Dantza Taldearen eskutik); Gaztedi Dantzari Taldearen, Beti Jai Alai Dantzari Taldearen edo Salbatzaile Dantza Taldearen erromeriak; Irutasun Dantzari Taldearen kalejira; edo Ondalan Erraldoien Konpartsaren eskutik erraldoien kalejira. Horrez gain, trikitixa-doinuak entzungo dira Trikilekuri esker.
Programazioan euskara ere bereziki zainduko da, talde guztiei zuzendutako hainbat proposamen eskainiko baitira. Ikusle gazte eta helduentzat, bertsoak (Janire Arrizabalaga, Izaro Bilbao eta Araitz Katarainen eskutik, Lokatz Loreak Sormen Taldeko kideak, “Itzal(iko) bagina” antzerki-ikuskizunean); bakarrizketak (Maria Cruikshank eta “Simpol”, Jose Cruz Gurrutxaga & Kaittin Allende eta “Stand ieup komedy”) eta antzerkia (Anduriña Zurutuza eta Beatriz Egizabal “Jo!” lanarekin).
Familiek, berriz, honako hauek izango dituzte gozatu ahal izateko: antzerkia (Panpotx Kultur Elkartea eta “Arin arin erbiaren abenturak!; pailazoak (Xilipurdi Antzerkia eta “Pepa eta kutxo, pailazokeriak”); clowna (Cia. Tiritirantes eta “Bazen behin”); magia (Asier Kidam eta “Aroa eta mirariak” eta Dramagia eta “Bidaiari magiko baten sekretuak”); txotxongiloak (Mauma Elkartea eta “Desberdinak gara eta harro gaude” eta Zurrunka Teatroa eta “Pulcinella Txio-Txinela” lana); zirkua (Zirkugintza eta “Zirkoteke”); ipuin kontalariak (Sorgina Txirulina eta “Din, dan, don, Eguberri on!”); zinema (Zinetxiki Zinemaldiko animaziozko film laburrekin); itzalen eta txotxongiloen ikuskizuna (Bego Alabazan eta “Luziaren sekretua”).