Joan den ostiralean, azaroaren 28an, Bilboko Udalak 11 erlijiotako 17 komunitatek osatzen duten Erlijioen Mahaiarekin bilera egin zuen. Bilera horretan udaleko ordezkariak eta hirian aktibo dauden erlijio-konfesioen arteko elkarrizketa-foroa hartu zuten parte, Giza Eskubide, Bizikidetza, Lankidetza eta Kulturartekotasun saileko zinegotzi Iñigo Zubizarreta buru izan zelarik.
Hauek dira Bilboko Erlijioen Mahaian ordezkatuta dauden elkarteak: Eliza Katolikoa, Euskadiko Kontseilu Ebanjelikoa, Filadelfiako Eliza Ebanjelikoa, Espainiako Eliza Ebanjelikoa, Zazpigarren Eguneko Eliza Adbentista, Azken Egunetako Santuen Jesukristoren Eliza, Errumaniako Eliza Ortodoxoa ,Jehováren Lekukoak, Assalam meskita, Bader meskita, Al Furkan meskita, Errekaldeko meskita, Mourideen Kofradia, Bahá'i komunitatea, Komunitate Hinduista, Taoistak eta Komunitate Budista. Halaber, Idazkaritza Teknikoko kide dira Deustuko Unibertsitateko Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutua eta Ellacuría Fundazioa.
Aniztasunarekin kudeaketari buruzko prestakuntza
Bilera honetan Bilboko erlijio-aniztasunaren kudeaketari buruz berriki udal-langileei emandako prestakuntzaren emaitzak aurkeztu dira. Aniztasuna eta Bizikidetza Fundazioa laguntza eman du prestakuntza horretan, eta Deustuko Unibertsitateko "Pedro Arrupe" Giza Eskubideen Institutuaren lankidetzarekin garatu da; edukiak, ordea, erlijio-eskubideei buruzko esparru juridikoari, talde eta erakunde erlijiosoek Toki Administrazioarekin dituzten harremanei eta Euskadiko eta Bilboko erlijio-aniztasunaren deskribapenari buruzkoak izan dira.
Era berean, hainbat erlijiotako ordezkariek ere parte hartu dute, eta haien egiturari, antolaketari eta gauzatzen dituzten programei buruzko informazioa eman dute.
Honako hauek izan dira helburuak: Bilboko erlijio-aniztasunaren errealitatea eta aniztasun horren artikulazio kolektiborako formulak ezagutzea; laikotasunak kudeaketa publikoan duen inplikazioa ulertzea, Toki Administrazioak zer alderditan eragin behar duen identifikatzeko; eta erlijio-komunitateekin lan egitea ahalbidetuko duten eta komunitate horiek zerbitzu eta baliabide publikoetara iristea erraztuko duten tresnak eta trebetasunak ahalbidetzea.
Iñigo Zubizarretaren hitzetan, «konfesio erlijiosoak eta haien ordezkariak funtsezko gizarte-eragileak dira, herritar aktibo eta parte-hartzailearen adierazpen antolatuaren parte, eta horiekin Bilboko Udalak hiri gero eta irekiagoa eta inklusiboagoa eraikitzen jarraitu nahi du».
Erlijioen arteko Mahaia
Erlijioen arteko Mahaia aldiro-aldiro biltzen da, eta gogoeta egiteko eta kontzientziaren eta erlijio-askatasunaren aldeko ekintzak bideratzeko lekua da, herritarrak aniztasunean daukaten bizikidetza eta giza eskubideen defentsa izanik ingurua, eta akonfesionaltasuna bereizgarria.
Bilgune hori eratu izanari esker, Udalak udal-eremuan erlijio-aniztasunaren kudeaketa publikoarekin loturik dauden politikak garatzen ditu, alde batetik Bilbon dagoen errealitate sozio-erlijiosoaren ezagutza bilatzeko eta, bestetik, erlijioon aintzatespena erdiesteko; azken batean, Administrazio publikoaren eta erlijio-erakunde eta erlijio-sentsibilitate desberdinen arteko artikulazioa bilatu nahi da.