Larunbat honetan, azaroaren 15ean, Alkoholik gabeko Nazioarteko Eguna ospatuko da. Urtero bezala, Bilboko Udalak bat egingo du, herritarrak alkoholaren kontsumoari buruz hausnartzera gonbidatuz.
Alkoholaren mendekotasunak sufrimendu psikologikoaren, familia-hondamenaren eta gizarte-bazterkeriaren kausa nagusietako bat izaten jarraitzen du. Izan ere, pertsona batzuentzat alkoholaren kontsumo arduratsua zero kontsumoa da. Abstinentzian bizitzea aukera pertsonal bat da, bizi-proiektu osasungarri bat berregitea eskatzen duena, eta, alkohola edan beharrean, bizitzea.
Asmo horrekin, Bilboko Udalak, Osasun eta Kontsumo Sailaren bitartez, lankidetza-hitzarmen bana dauka La Cruz de Oro eta Asociación de Alcohólicos Rehabilitados de Santutxu elkarteekin. Hitzarmenok Udalaren inplikazio zuzena erakusten dute bi erakundeok urtero garatzen dituzten prebentzio-programen sustapenean.
Álvaro Pérez Osasun eta Kontsumoko zinegotziak nabarmendu duenez, "oso garrantzitsua da herritarrak sentsibilizatzea alkoholaren kontsumoak eta, bereziki, gehiegizko kontsumoak osasunean dituen ondorioei buruz. Zientziak argi eta garbi frogatzen du alkoholaren kontsumoak gure osasunean ondorio kaltegarriak dakartzala. Osasun publikoaren arloko arduradun instituzionalak garen aldetik, gure betebeharra gai horri buruz arreta deitzea eta herritarren artean informazioa eta kontzientzia zabaltzen laguntzea da."
Osasun eta Kontsumo Saileko teknikariek kolektibo zaurgarrientzako prebentzioko prestakuntza-jarduerak eta profesionalei eta kaltetutako familiei laguntzeko jarduerak egiten dituzte urtero, Adikzioen VI. Tokiko Planaren jarduketen testuinguruan.
Asociación de Alcohólicos Rehabilitados de Santutxu elkarteak, Adikzioen Prebentzioko Negoziatuarekin lankidetzan, bat egin du Alkoholik gabeko Egunaren ospakizunarekin, eta "Bizi alkoholik gabe" jardunaldia partekatu du Begoñako Udaltegian, 9:45etatik aurrera, psikologia klinikoko profesional ospetsuekin eta benetako esperientzia baten lekukotzarekin, elkarrizketa, kontzientzia eta itxaropenerako espazio bat eskaintzeko alkoholismotik sendatzeko bidean.
Herritar guztiei zuzendutako sentsibilizazio-jardunaldi bat da hau, alkoholaren abusuak edo alkohol-maila altuak izateak dakartzan arrisku handiei buruzko kontzientzia sortzeko.