Ia zazpi hilabete igaro dira Bilboko Udalak Tiboli kaleko obrak hasi zituenetik. Bada, orain, lehen fasea amaitu bezain laster, bigarren faseko lanei ekingo die.
Proiektu osoak kale horretako zenbait zati hartzen ditu, Campo Volantín eta Moraza plazaren artean. Hala ere, eta herritarrei ahalik eta kalte eta eragozpen gutxien eragiteko, eremuaren eta obraren beraren tamaina eta iraupena kontuan hartuta, faseka egiten ari da, zehazki, ondoz ondoko lau fasetan, obraren eremuan sartzen diren lau etxadiekin bat etorrita.
- 1. fasea. Campo Volantín pasealekutik Uriortu kalera bitartean. Dagoeneko amaituta dago.
- 2. fasea, Uriortu kaletik Castaños kalera bitartean; fase horri orain ekingo zaio eta obrek sei hilabete iraungo dute.
- 3. fasea, 3 hilabete iraungo du eta Castaños kaletik Moraza plazara bitarteko zatia hartuko du (zenbaki bakoitietako espaloia).
- Eta azkenik 4. fasea, 3 hilabetez luzatuko dena. Kasu horretan, Anselma de Salces eta Matiko artean jardungo da (zenbaki bikoitien espaloia).
Fase bakoitzak aldaketak ekarriko ditu herritarrentzat, batez ere zirkulazioan eta garraio publikoaren geralekuetan eta ibilbideetan. Aldaketa horiek unean-unean jakinarazten ari zaie herritarrei.
Obraren bigarren fasearen eraginak
Obraren bigarren fasea bihar (azaroaren 13an) hasiko da, eta gutxi gorabehera datorren urteko ekainean amaituko da. Fase horretan, aldaketak izango dira Uribarriko barrutiko zirkulazioan, Bilbobuseko linea batzuei eta oinezkoen mugikortasunari ere eragingo dietenak.
Denbora-tarte horretan, Tiboli kalea itxita egongo da zirkulaziorako Uriortu kaletik Castaños kalerainoko zatian, eta espaloiaren alderdi bat eta aparkalekuak okupatuko dira tarte horretan. Era berean, Tiboli zeharkalea itxita geratuko da zirkulaziorako, eta ibilgailuei 4 zenbakiko garajera sartzeko eta irteteko bakarrik utziko zaie pasatzen.
Trafikoa Matiko, Salbe, Artatzamina eta Fontecha y Salazar kaleetatik desbideratuko da.
Garraio publikoari dagokionez, Bilbobusek ibilbideak aldatuko ditu. Adibidez, Tiboli kaleko 12 zenbakiko geralekua kenduko da, eta beste geraleku bi jarriko dira Artatzamina kaleko 1 zenbakian eta Anselma de Salces kaleko 17 zenbakian.
72. lineak lekuz aldatuko du bere erregulazio-geralekua Funikularreko plazatik Uriortu kaleko 17 zenbakira.
Gainera, Salbe kalean, ordezko pasabide bat jarriko da, semaforoz erregulatuta egongo dena. Eta taxi-geralekua Uriortu kaleko 2-4 zenbakietatik Tiboli kaleko 2 zenbakira aldatuko da.
1,5 milioi saneamendua berritzeko
Tiboliko obrarako 3.214.970,49 euro erabiliko dira guztira (BEZa barne) eta kalkulatzen da fase guztiak hogei hilabeteko epean amaituta egongo direla.
Proiektu horren helburua da, ahal den neurrian, espaloiak zabaltzea eta berritzea, kalearen goiko partera iristeko baldintzak hobetzea, argiak modernizatzea eta dagozkion zerbitzuak berritzea.
Esaterako, argiteria eta, batez ere, saneamendu-sarea, erabat berrituko dena.Izan ere, saneamendu-sarea berritzea eta hobetzea obraren funtsezko gaietako bat da eta aurrekontuaren ia erdia bideratuko da horretara (1,5 milioi euro gutxi gorabehera).
Gainera, proiektu honek jarraipena eman nahi dio Moraza plazari Matiko kalerantz, eremu horretako oinezkoen konexioa hobetzeko, auzoko bizilagunentzako elkargunea baita.
Zonaldean hiri-altzari berriak jarriko dira (paperontziak, jarlekuak, jardinerak zuhaixkekin eta landareekin), zoruak eta zoladurak berrituko dira (“Bilbao” motako lauza hidraulikoa eta baldosa podotaktil ildaskatua) eta baranda guztiak berrituko dira obraren eremuaren baitan. Barandak eskola-ekipamenduen sarbideetan daude (Epaltzaren Alargunaren eskola eta Esclavas SC Fatima Institutua), Moraza plazako plazatxoak mugatzen dituzten hormetan eta Tiboli 9 eta 11 atarietarako sarbidea ematen duen kale-buruan.