Joan den uztailean, 2,65 milioi euroko inbertsioa egin ondoren, Zorrotzako La Landa parkea inauguratu zen, antzinako Tapia xaboi-fabrika zegoen orubearen zati bat okupatzen duena. Bada, orain, garai bateko fabrikaren historia gogorarazten duen mural-mahai bat jarri egin du bertan Udalak.

Ekimenak Zorrotzako auzo-elkartearen eskaera bati erantzun dio, zeinak udal-arduradunei proposatu baitzien elementu historiko-artistiko bat instalatzea, auzoko memoria industriala zaintzen eta haren kultura-nortasuna indartzen laguntzeko.

Laba bolkaniko serigrafiatuz eta esmaltatuz egindako mahaiak 150 zentimetroko oinarria eta 50 zentimetroko altuera du. Bertan 6.000 euroko inbertsioa egin da.

Tapia xaboi-fabrika

Tapia xaboi-fabrika 1863an sortu zuten José María eta Bartolomé Tapia Ugartek, Deustuibarrean (Bilbo). Hazkunde demografikoaren ondorioz, 1906an Zorrotzara eraman zuten; leku estrategikoa zen meatze-esparruetatik, trenbideetatik eta itsasadarretik gertu zegoelako. 1917an instalazioak handitu zituen eta 1988ra arte lanean jarraitu zuen. 1996an eraikina eta tximinia eraitsi egin zituzten.

XX. mendearen hasieran, 1906an, mugimendu higienistaren testuinguruan, fabrikak “Chimbo” xaboia patentatu zuen. Etxerako zati trokelatuetako lehen xaboia zen, eta Bilbon bizi zen txori bati egiten zion erreferentzia.

Gainera, 1924an, enpresak 28 etxebizitza eraiki zituen familia ugariko langileentzat, "Jabonera Tapia Langileen etxaldea" izenarekin. Etxeetan edateko ura eta atzeko baratzea zeuden, eta fabrikaren sortzaileen iloba eta oinordekoa zen Victor Tapiak ordaindu zituen osorik.