Gaurtik aurrera egongo da erabilgarri 'Bilbao Kirolak orain errazagoa' izeneko Bilbao Kirolaken aplikazio berria. Horren helburua hiriko auzo guztietako herritarrentzat irisgarriago egitea da. Aplikazio berria Bilboko Udaleko Gazteria eta Kiroleko zinegotzi Itxaso Errotetak eta Bilbao Kirolakeko zuzendari nagusi Marcos Murok aurkeztu dute.

Aplikazio berria Bilbao Kirolaken webgunearen bulego birtualaren bilakaera eta optimizazio bat da, herritarrei eskaintzen zaizkien produktu eta zerbitzu guztien kudeaketa integrala ahalbidetuko duena, hala nola abonuak, ikastaroak eta jarduerak, kirol-instalazioen erreserbak, sarreren eta bonuen erosketa...

Horrela, erabiltzaileek QR kode bat izango dute hasiera-pantailan, txartel edo eskumuturrekorik gabe instalazioetara sartu ahal izateko; familiako abonuen kasuan, familia-unitateko kide guztiei emango zaie.    

Pantaila nagusian begiratu azkar batean kontsultatu ahal izango dituzte une horretan aktibo dituzten ikastaro, kirol-saio edo instalazio-erreserba guztiak. Push jakinarazpenei esker, denbora errealean jasoko dute zerbitzuan edo instalazioetan gertatzen den edozein gorabehera.     

Gainera, APPa deskargatzen duten Bilbao Kirolaken erabiltzaileek faktura guztiak kontsultatu ahal izango dituzte, edo instalazio eta jarduera gogokoenak aukeratu, haiei buruzko informazio eguneratua eskuratzeko. 

Bilbao Kirolaken erabiltzaileentzako WEB/APP berriaren beste hobekuntza azpimarragarri batzuk honako alderdi hauetan oinarritzen dira: 

  • Eskainitako ikastaro eta jardueren itxaron-zerrenden kudeaketa automatizatzea. Itxaron-zerrendetan izena eman duten pertsonek jakinarazpen bat jasoko dute plaza bat libre dagoelako abisuarekin, eta 48 ordu izango dituzte ikastaroko alta kudeatzeko, aplikazioaren euskarrien bidez.
  • Abonu-aldaketak, banku-kontuen zenbakiak eta bestelako administrazio-izapideak egitea, kiroldegira joan beharrik gabe. Horretarako, PDF editagarriak aurkituko dituzte aplikazioan bertan.
  •  Datu pertsonalak erraz editatu eta aldatzeko aukera.
  •  Entitatearen produktuak eta zerbitzuak erabiltzeko eta gozatzeko eskatzen den dokumentazio guztia eranstea eta bidaltzea, eta nork bere gailuetan egiaztatu ahal izatea Bilbao Kirolakek balidatu dituela.
  • Gainera, familia-abonuak dituzten pertsonek edozein izapide mota egin ahal izango dute (altak ikastaroetan, pisten erreserbak, etab.) abonuari lotutako edozein kiderentzat, familia-unitateko erabiltzaile bakoitzak bere burua identifikatu beharrik gabe. 

Tresna berria bihar, asteazkena, azaroak 12, egongo da eskuragarri herritar guztientzat, 09:00etatik aurrera, bai IOS bai Android duten gailu elektronikoetan, eta Bilbao Kirolaken webgunean. Halaber, Bilbao Kirolakek, APP berriaren hedapen-kanpainaren barruan, hainbat elementu instalatuko ditu bihartik aurrera kiroldegietan, APP berria QR kodeen bidez deskargatu ahal izateko.

Itxaso Erroteta Bilboko Udaleko Gazteriako eta Kiroleko zinegotziak esan du pozgarria dela APP berria martxan jarri izana, zeren eta, "bilbotarrentzako onura pilo bat eskaintzeaz gain, mugarri bat ipintzen du Bilbao Kirolaken 2025-2028ko Plan Estrategikoan ezarritako ekintzak betetzeko orduan, BK Innova ildo estrategikoaren barruan".