Bilboko Udalak 1.191.325,11 euroko aurrekontua bideratuko du, BEZa barne, San Frantzisko kalearen inguruko zenbait kale hobetu eta berrurbanizatzeko. Aste honetan hasiko dira lanak, eta gutxi gorabehera urtebetez luzatuko dira.
Proiektu hori Zubirik (analisia eta bideragarritasuna) eta Auzokide (gauzatzea) planen barruan dago, eta, beraz, Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetako bizilagunen egunerokoa hobetzeko dago pentsatuta, eurek eman baitiote lehentasuna.
Zehazki, obrak honako hauek hartuko ditu: Babes kalea; Arnotegi kalea, San Frantzisko kaletik Gimnasio kaleraino; Harrobi kalea, San Frantzisko kaletik Gimnasio kaleraino; eta Aintzira kalea, San Frantzisko kaletik Gorte kaleraino.
San Frantzisko kalearen estetika bera
Proiektuaren helburua da espaloiak eta bideak optimizatzea eta hobetzea, betiere ahalik eta aparkaleku-plaza gehien mantenduta. Hala, espaloiak handitu egingo dira, berritutako San Frantzisko kalearen estetikari jarraituz.
Gainera, argiak modernizatuko dira, eta, ahal den kasuetan, argi-puntuak fatxadetatik espaloietara jaitsiko dira. Gainerako udal-zerbitzuak ere berrituko dira –batez ere, saneamendua–, eta landareak jarriko dira, ahal den eta egokiak diren neurrian.
Kalez kale begiratuz gero, Babes kalean aparkaleku-banda biak kenduko dira, eta plataforma bakarra sortu eta espaloiak handituko dira, hiru metro baino gehiagora.
Arnotegi kalean, aprobetxatuta beheranzko ezkerreko espaloian ez dagoela atari- eta lokal-sarrerarik, 2,28 eta 2,80 metro arteko arrapala bat eraikiko da. Eskuineko espaloian, ordea, eskailerak mantenduko dira, baina mailek banaketa uniformeagoa izango dute, hirutan multzokatuta, irisgarritasuna hobetzeko.
Aintzira kalean, bi aparkaleku-bandetako bat kenduko da espaloiak handitu ahal izateko. Espaloi berriek 2,90 eta 3,20 metroko zabalera izango dute, hurrenez hurren.
Azkenik, Harrobi kalean, espaloiak ahal den neurrian handitzeaz gain, San Frantzisko kalea eta Gorte kalea lotzen dituen eskailera monumentala berrituko da, eta bidea egokituko da kale horretan dauden bi atarietara heltzeko irisgarritasuna bermatzeko. % 8ko maldak dituzten arrapalak sortuko dira, eta halakorik ezinezkoa den eremuetan, maila berriak jarriko dira egungo eskaileretan, irisgarritasunaren arloko araudia betetzen dela bermatzeko.
Era berean, egoteko guneak eta parterre berriak ipiniko dira arrapalaren eta kale horretako eskaileren artean.
Eskailera-tarte eta arrapala guztietan, eskudela eta baranda berriak jarriko dira.