Bilboko Udalak 1359.889,77 euroko aurrekontua bideratuko du, BEZa barne, Bolueta eta Txurdinaga auzoen arteko irisgarritasuna hobetuko duen igogailu publiko berri bat eraikitzeko. Zehazki, Julián Gaiarre etorbidea eta Bilbo eta Galdakao konektatzen dituen N-634 errepidea lotuko ditu. Lanak datorren astean hasiko dira, eta bederatzi hilabeteko egikaritze-epea izango dute.

Eremu horretan desnibel handia dago, 12 metrotik gorakoa, eta gaur egun eskailerak daude hura gainditzeko. Eta, hain zuzen ere, ibilbide irisgarri berri bat sortzeko pentsatu da jasogailu berria egitea.

Bi geraleku izango ditu, 180º-tan jarrita. Behekoa N-634 errepidean egongo da, eta goikoak Julian Gaiarre etorbidearekin lotuko du, 15,85 metroko luzerako pasabide baten bidez. Bi geralekuetako irteeratan, hiri-altzari berriak jarriko dira (paperontziak eta bankuak). Gainera, argiteria indartuko da eta udal kanalizazio berriak egingo dira, zuntz optikoa sartuz.

Egiturari dagokionez, igogailua nukleo bertikal baten bidez gauzatuko da, egitura metalikoarekin, eta beira xaflatuz estaliko da. 13 lagunentzako edukiera izango du, eta bideoz zainduta egongo da, eguneko 24 orduetan.

Mugikortasun bertikala

Bilbon 79 elementu mekaniko daude zerbitzuan, igogailuak, aldapak eta eskailerak kontuan hartuta.

Kopuru garrantzitsua, inondik ere, eta horri gehitu beharko zaizkio, datorren urtean, gaur egun egiten ari diren zazpi jasogailu berriak.

  • Masustegi auzorako proiektatutako jasogailu inklinatua: 4.492.331,68 euro.
  • San Frantzisko auzoan, Harrobi plazaren eta Kontzezio kalearen arteko igogailua: 3.089.962,83 euro.
  • Beste bat, Boluetan, San Joaquim auzokoa: 1.242.906,72 euro.
  • Lezeagan, Masustegi auzoko beheko aldean: 628.743,65 euro.
  • Hiru Zurbaranbarri auzoan: 2.543.462,19 euro.