Bilboko Udalak plaka bat jarri du Barroeta Aldamar kalean dagoen José Ramón Scheifler teologo, ikertzaile eta unibertsitateko irakaslearen jaiotetxeko fatxadan alegia, bere figura omentzeko.
Ekitaldiaren buru Juan Mari Aburto Bilboko alkatea izan da, eta berarekin batera egon dira Gonzalo Olabarria Kultura eta Gobernantzako zinegotzia; Kontxi Claver Ekonomiaren Garapeneko, Merkataritzako, Turismoko eta Enpleguko Saileko zinegotzia; Juan José Etxeberria Deustuko Unibertsitateko errektorea; Rosa Miren Pagola irakaslea eta filologoa eta Scheiflerren familia.
Omenaldian, Juan Mari Aburto alkateak nabarmendu du “José Ramón Scheiflerrek gure hiriko bizitza intelektual eta akademikoan utzitako arrastoa, eta Bilboko onena ordezkatzen duten pentsamenduarekin, irakaskuntzarekin eta balio humanistekin zuen konpromisoa”. Era berean, Aburtok azpimarratu duenez, “aitorpen horrekin, Bilbok ohore egiten dio bilbotar ospetsuenetako bati, bere bizitza jakinduriari eta besteen zerbitzura emana bizi izan baitzen“.
José Ramón Scheifler
José Ramón Scheifler 1920an jaio zen Bilbon eta hil ere, Bilbon hil zen 2021ean. Ibilbide oparoa egin zuen teologo, ikertzaile eta unibertsitateko irakasle gisa. Bere bizitza Deustuko Unibertsitateari lotuta egon zen. Unibertsitate hartan egin zuen irakaskuntza- eta ikerketa-lanaren zati handi bat, eta hausnarketa teologikoa eta humanista bultzatzen lagundu zuen. Scheiflerri bere zorroztasun intelektuala, espiritu kritikoa eta ikasle-belaunaldien prestakuntzan egindako lana aitortu zitzaizkion; ikasle askorentzat, hain zuzen ere, erreferentea izan zen pentsamendu eta etika akademikoan.
Udalak, plaka hori jarrita, José Ramón Scheiflerren memoria eta ondarea babestu nahi ditu, Bilboko kulturari eta hezkuntza-komunitateari egin dion ekarpena oraindik ere Bilbo definitzen duten balioekiko (justizia eta elkartasuna) konpromisoaren eta ezagutzaren eredu baita.