Urtero bezala, Bilboko Udalak bat egin du aurten ere bai Euskadiko Klimaren eta Energiaren astea den Asteklima ekimenarekin. Hori dela eta, Jasangarritasun sailak hainbat jarduera antolatu ditu itsasadarraren inguruan, datorren asteburuan garatuko direnak.
Larunbatean, hilak 25, hiru orduko oinezko ibilaldia egingo da itsasadarraren ertzetan, “Inpaktu globala itsas ekosistemetan” izenburuaren pean, biologian doktore eta itsas ingurunean aditua den Javier Francoren eskutik. Javier Francok klima-aldaketak mundu mailan duen eraginari buruz eta aldaketa hori eragiten ari diren faktoreei buruz hitz egingo digu, baita aldaketa horrek gure tokiko ekosistemetan, esaterako, Bilboko estuarioan, izan dezakeen eraginari buruz ere.
Igandean, hilak 26, 09:30ean emango zaio hasiera jardunaldiari, ibaietako ekosistemei eta ibaietako zein itsasoko ekosistemetako plastikoen egungo arazoari buruzko hitzaldiarekin. Ondoren, bertaratzen direnek plastikoak eta zaborrak biltzen parte hartuko dute, itsasadarraren ertzetan, San Ignazio inguruan. Ondoren, bildutako hondakinak sailkatu eta zein bere edukiontzian sartuko ditugu.
Nora Abete alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotziak horrelako ekimenen garrantzia azpimarratu du, “Udalak halako gizarte- eta ingurumen-kausetan duen konpromisoarekin bat datozelako, denok inplikatu behar baitugu natura zaintzen eta harekin arduraz jokatzen, eta gure bizimoduak, batzuetan, naturaren orekan dituen ondorio kaltegarriak konpontzen lagundu behar baitugu”.
Bi ekimen horietan parte hartu nahi dutenek izena eman ahal izango dute ingurumena@bilbao.eus webgunean, edo, bestela, 94 420 50 39 telefono-zenbakira deituta; izan ere, jende-kopuru mugatua dago bi egunetan: gehienez ere 25 pertsona larunbatean eta 30 pertsona (adinez nagusiak) igandean.