Bilboko Udalak 972.477,23 euroko aurrekontua bideratu du, BEZa barne, aste honetan inauguratu den Santutxu auzoko Fika eta Iturribide kaleak lotzen dituen igogailu berria eraikitzeko. Inaugurazioan Juan Mari Aburto alkatea eta Kepa Odriozola Obra Publikoetako eta Zerbitzuetako saileko zinegotzia izan ziren, udal-korporazioko beste kide batzuek lagunduta.

Elementu hori Iturribide kaleko 121. atariaren eta Fika kaleko 61. atariaren arteko plazan kokatu da eta horrela, ibilbide irisgarria lortu da Santutxu auzoko eremu horren beheko eta goiko aldeen artean. Desnibel handiko eremua da eta igogailua ipini arte eskailera batzuen bidez konpondu izan da.

Igogailu berriak 9,81 metroko desnibela gainditzen du, geldialdi bi ditu eta metalezko egitura duen nukleo bertikal baten bidez gauzatu da, beira laminatuz estalita. 13 lagunentzako lekua du.

Beheko eremua erabat berritu da, eta plataforma bakarra sortu da. Ingurune horretan bi parterre berri jarri dira, sasoiko loreekin. Halaber, bi banku zirkular eta hondakin-mota desberdinetarako paperontzi-multzo bat jarri dira.

Igogailuaren goiko irteeran 13,74 metroko luzera duen metalezko pasabidea jarri da.

Mugikortasun bertikala

Bilbon 78 elementu mekaniko daude zerbitzuan, igogailuak, arrapalak eta eskailerak kontuan hartuta.

Kopuru hori handitu egingo da laster, gaur egun beste zazpi egiten ari baitira:

  • Masustegi auzorako proiektatutako jasogailu inklinatua, 4.492.331,68 eurokoa;
  • San Frantzisko auzoan, Harrobi plazaren eta Kontzezio kalearen artean kokatzen dena, 3.089.962,83 eurokoa.
  • Boluetan, San Joaquim auzoan,   1.242.906,72 eurokoa;
  • Lezeagan, Masustegi auzoko beheko aldean,       628.743,65 eurokoa.
  • Hiru Zurbaranbarri auzoan, 2.543.462,19 eurokoak.

Eta, azkenik, beste bat eraikitzeko lanak laster hasiko dira:

  • Bolueta eta Txurdinaga artean, 1.359.889,77 eurokoa.   

Guztira, hamahiru milioi eurotik gorako inbertsioa bideratzen ari da Udala irisgarritasun unibertsala lortzeko, martxan dauden proiektu guztiak kontuan hartuta.