Joan den ostegunean, urriaren 16an, arratsaldeko 18:00ak aldera, Bilboko Udaltzaingoak 57 urteko gizon bat atxilotu zuen Santutxu auzoko taberna batean, osasun publikoaren aurkako ustezko delitu bat egotzita. Izan ere, substantzia estupefazienteak aurkitu zizkioten, banatzeko prest.
Esan bezala, gertakaria 18:00ak inguruan gertatu zen, Begoñako Ikuskaritzako unitate batek -kaleko jantziekin ziharduen- Santutxun segurtasunaren arloko zereginak egiten ari zen uniformedun patruila bat eskatu zuenean.
Hain zuzen ere, auzo horretako ostalaritza-establezimendu baten kanpoaldean norbaitzuk substantzia estupefazienteak kontsumitzen ari zirela ohartu ziren. Gainera, ikusi zuten gizon bat taldera hurbildu eta horietako batekin hitz egiten hasi zela. Ondoren, lokalaren barrura sartu ziren biak.
Legez kanpoko substantzien salerosketa izan zitekeelakoan, beste unitate batzuen laguntza eskatu zuten, Errefortzu Taktikoaren Ikuskaritzako patruila batena ere bai, drogak detektatzen espezializatutako txakur batekin.
Behin bertan, txakurrak argi eta garbi markatu zuen gizonak zeraman gerriko poltsa. Hura miatu ondoren, agenteek saltzeko prest zeuden hainbat substantzia aurkitu zituzten poltsatan sartuta, hala nola marihuana, haxixa, anfetamina eta metanfetamina. Horrez gain, dirutan kopuru esanguratsua aurkitu zuten baina gizonak ezin izan zuen justifikatu diruaren jatorria.
Horregatik guztiagatik, atxilotu egin zuten, droga-trafikoagatik osasun publikoaren aurkako delitu baten ustezko egilea delakoan.
Atxilotua aske utzi dute, karguekin.