Pikara Magazine aldizkari feministak eta hari lotutako kazetariek Lucia Martinez Odriozola (LMO) Kazetaritza Feministaren IV. Biltzarra antolatu dute urriaren 16rako, Bilborock aretoan, eta sarean ere jarraitu ahal izango da.
Hasieran, topaketa bi egunekoa izan behar zen, baina urriaren 15eko jardunaldia bertan behera geratu da Palestinaren aldeko greba orokorragatik. "Ez dugu ulertzen antikoloniala ez den feminismoa", nabarmendu dute antolatzaileek.
Bada, 20 hizlarik hartuko dute parte biltzarrean gaurkotasuneko gaiak jorratzeko, besteak beste, kazetariek, adituek eta gizarte mugimenduetako kideek. Horrela, Ana Requenak, Ana Marcosek eta Zuriñe Rodriguezek sexu erasoei buruz informatzeko moduak aztertuko dituzte, eta Paula Caceresek eta Tatiana Romerok, berriz, komunikabideetan pertsona migratuen inguruko narratibak izango dituzte hizpide.
"Gaur egun, ikasteko eta elkarrekin eztabaidatzeko espazioak behar ditugu, hausnartzeko komunikabideetan ikuspegi feministatik nola heltzen diogun sexu indarkeriari edo eskuin muturraren aurrerapenari. Izan ere, lankide asko beren herrialdeetatik erbesteratzen ari dira beren lanbidean jardun ahal izateko", adierazi dute Pikara Magazine-ko kideek.
Ildo horretan, Luciana Peker kazetari argentinarrak, Valeria Guzman salvadortarrak eta Khadija Amin afganiarrak eskuin muturraren eta talde autoritarioen aurrerapenagatik euren jatorrizko herrialdeak utzi behar izan dituzte eta gai horri helduko diote biltzarrean.
"Gaur egun, ikasteko eta elkarrekin eztabaidatzeko espazioak behar ditugu, hausnartzeko komunikabideetan ikuspegi feministatik nola heltzen diogun sexu indarkeriari edo eskuin muturraren aurrerapenari"
Gainera, eztabaida mahaietan beste gai batzuk jorratuko dira, hala nola beste internet posible bat egiteko moduak eta gorrotoari aurre egiten dioten narratibak biralizatzeko moduak, Noemi Lopez Trujillo, Marta G. Franco eta Pantube edo Afrocolectiva proiektuetako profesionalekin.
Hizlariez gain, Kazetaritza Feministaren IV. Biltzarrean 60 pertsona baino gehiagok hartuko dute parte aurrez aurre edo sarean, bai eta Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleak ere. Mahai inguruen artean tarte zabalak izango dira jendearen parte hartzea sustatzeko eta topaketarako eta elkarrizketa informalerako guneak sortzeko.