Bilbok badaki: etxebizitza publikoa beste modu batean ere egin daiteke
Suediako ordezkaritzak bisita egin du Bilbon bi egunez
Suediako Varbergs hiriko udal-enpresak alokairu sozialeko 5.700 etxebizitza baino gehiago kudeatzen ditu. Bi egunez, enpresa horretako arduradunek Bilbo bisitatu dute, Bilboko Udaleko Etxebizitza Sailak eta Udal Etxebizitzak-ek gure hirian etxebizitza publikoa kudeatzeko erabiltzen duten eredua ezagutzeko.
Yolanda Díez Bilboko Udaleko Etxebizitzako zinegotzia, Udal Etxebizitzak-eko arduradunekin batera, Bilbon etxebizitza publikoa kudeatzeko eredua erakutsi dio Suediako ordezkaritzari, eta bi hirietako esperientziei buruzko iritziak trukatu dituzte.
"Gaur egun udal-parkea 4.226 etxebizitzak osatzen dute"
Yolanda Díezek azaldu duenez, "esperientzien eta ezagutzen trukaketa horiek balio handia dute etxebizitza sozialaren arloan kalitate goreneko zerbitzu bat eskaintzeko dugun asmoan aurrera egiteko eta hobetzeko".
UDAL PARKEA
Bilboko Udal Etxebizitzak-en presidenteak gogorarazi duenez, gaur egun udal-parkea 4.226 etxebizitzak osatzen dute. Etxebizitza horietan 8.719 pertsona bizi dira; 35 urtetik beherakoak dira % 46a. Lehentasunezko helburua parkea handitzen jarraitzea da, "gizarte gisa dugun erronka handietako bati aurre egiteko: etxebizitza".
Ildo horretan, Suediako ordezkaritzak Ametzolako zuzkidura-bizitokiak ezagutu ahal izan ditu. Bertan, bizitegi-ekipamendu horretan dagoeneko martxan dagoen fasea egiaztatu ahal izango dute, baita bigarren faseko eraikuntza-obrak ere. Guztira, alokairu sozialeko 159 bizitoki dira, txanda-ereduarekin.
Era berean, Otxarkoagako udal-etxebizitzen parkea bisitatu dute. Bertan, eraikinak birgaitzeko lan handia egiten ari dira, energia-efizientziako eta irisgarritasun unibertsaleko irizpideekin.
Bilboko Udal Etxebizitzak eta Varbergs Bostad Eurhonet sarean daude. Eurhonet osatzen duten entitateen arteko lankidetzaren barruan kokatzen da topaketa hau. Eurhonet sareak etxebizitza publiko eta soziala hornitzen duten Europako 36 entitate biltzen ditu, alokairu merkeak ordaintzen dituzten 1,8 milioi pertsona barnean hartzen dituztenak.