Bilboko Udalak parte hartu du urriaren 1etik 3ra bitartean Viladecansen ospatutako Hiri Hezitzaileen Estatuko Sarearen 17. topaketan. Bertan izan da Eider Bilbao zinegotzia. Ekimen horrek Estatuko 239 hiri biltzen ditu, hezkuntzaren arloko lankidetza eta esperientzien trukea sustatzeko helburuarekin.

Bere parte-hartzearekin, Bilbok hiri hezitzaile bihurtzeko konpromisoa berretsi du. 17 urteko ibilbidean, Bilbo beti egon da ordezkatuta topaketa honetan, eta helburua tokiko esparrutik hezkuntzako esperientziak eta praktikak trukatzea da. Gainera, Pilar Alegria Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Kiroletako ministroak, Olga Morales Viladecanseko alkateak eta Esther Niubó Generalitateko Hezkuntza kontseilariak inauguratu duten kongresu honek Bilbo eta bere 2030 Hiri Hezitzaile Agenda ikusaraztea ahalbidetzen du, herritarren bizitzaren proposamen integratzailea, tokiko gobernuei dagokiena, baina baita mota guztietako erakunde eta elkarte publiko eta pribatuei dagokiena ere. Hezkuntza-zentzuarekin batera lan egitea du helburu, pertsonen bizi-kalitatea, herritartasun-espirituarekiko konpromisoa eta demokrazia parte-hartzaile eta solidarioaren balioak bultzatuko dituzten politikak eta jarduerak garatzeko.

Bilboko Hezkuntza Arloak gizarte eta hezkuntza-laguntzaren aldeko apustuarekin lotu nahi du topaketa honetan parte hartu izana. Horrela, datorren astean Gizarte eta Eskola Laguntzako Udal Tailerrak hasiko dira, kalteberatasun egoeran dauden ikasleen aukera-berdintasuna sustatzeko eta errendimendu akademikoa hobetzeko helburuarekin. Otxarkoaga, Bilbo Zaharra, San Frantzisko, Zabala, Iturrigorri-Peñascal, Uretamendi, Betolaza eta Errekalde auzoetako Lehen Hezkuntzako bigarren eta hirugarren zikloko eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzendutako proiektu integrala, soziala eta hezitzailea da.

Zero eskola-uztearen lanaren ardatz nagusiaren azpian, topaketa hau udalerriek herritarren hezkuntza-arrakasta hobetzeko duten zereginari buruzkoa da, hezkuntza gizartearen etorkizunerako funtsezko faktorea dela ulertuta. Zero eskola-uztea proiektu kolektibo gisa ulertzea da helburu, gure hirietan bizi diren herritarrek beren gaitasunei etekina atera diezaieten, bizi-proiektu berezi bat eratzeko eta beren askatasunak gauzatzeko aukera gehiago izateko.