Urriaren hasierarekin batera, Bilboko Udalak martxan jarriko du udalerriko adineko pertsonen artean ohitura osasungarriak sustatzeko jardueren programa. Hala, 2026ko ekainera bitartean, Osasun eta Kontsumo sailak osasuna hobetzeko 102 tailer egingo ditu.
Álvaro Pérez Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumoko zinegotziak nabarmendu duenez, "programa honek ekarpen handia egiten du adinekoentzako bizi-ohitura osasungarriak sustatzeko; izan ere, arlo fisikoan eta mugikortasunean dituen onurez gain, oso eragin positiboa du parte hartzen duten adinekoen alderdi psikologikoan, garatzen duten elkarreragin sozialari esker".
Antolatu diren 102 tailerretan, adinari egokitutako eta profesionalek monitorizatutako ariketa fisikoen saioak egingo dira astero, elikadura osasungarriari buruzko solasaldi-hitzaldiak, osasuna sustatzeko kanpainak haien intereseko gaiez –esate baterako, erorikoen prebentzioaz–, edo adinekoen arteko sozializazioa sustatzeko jarduerak, hala nola jarduera fisikoa kalean, itsasadarraren ertzetan, egiteko antolatzen den udaberriko jaia.
Iaz 99 tailer egon ziren, eta, guztira, 1741 adinekok hartu zuten parte (1596 emakumek eta 145 gizonek). Tailerrak Udalaren 19 lokal eta udaltegitan egin ziren, norbere bizilekutik hurbil, urtarriletik ekainera eta urritik abendura bitartean.
Aire zabaleko jarduera fisikoa
Ibiltarien Sarea
Ibiltarien Sarea bi orduko ibilaldi gidatuak egitean datza, hainbat hiri-ibilbidetan. Astelehenetik ostiralera egiten dira, 11:00etatik 13:00etara, 17 ibilbide txandakatuz hiriko zortzi barrutietan.
2024-2025 ikasturtean 184 saio egin ziren, 5.448 pertsonak parte hartu zuten, eta, batez beste, ia 30 pertsona bertaratu ziren ibilaldi bakoitzean. Ibilbide jendetsuenak hauek izan ziren: itsasadarra, Kañuak, Hiru Parkeak eta San Mames.
Parke Aktiboak
Parke Aktiboak dinamizazio-programak ordubeteko saioak eskaintzen ditu Bilboko parke bio-osasungarrietan, non langile espezializatuek aparatuen erabilerari buruzko aholkuak eman eta ariketa osagarriak proposatzen dituzten. Parke Aktiboak programa astelehenetik ostiralera egingo da, 11:30etik 12:30era, hilean 5 parke txandakatuz.
2024-2025 ikasturtean 195 saio egin ziren; guztira 1.867 parte-hartzaile izan ziren, eta saio bakoitzean batez beste 9,5 pertsona bertaratu ziren.
Calisteniako Parke Aktiboak
Berrikuntza gisa, Kalisteniako saio espezifikoak finkatu dira. Diziplina horretan, gorputzaren pisua erabiltzen da indarra, erresistentzia, koordinazioa eta mugikortasuna lantzeko. Barrak eta egiturak dauzkaten parkeetan egiten dira, eta heldu gazteei zuzenduta daude bereziki.
Dinamizazioak asteartetik ostegunera egingo dira, 18:30etik 19:30era, eta doako alternatiba dinamiko eta sozial bat eskainiko dute hiriko parkeetan taldean entrenatzeko, hilean 3 parke txandakatuz.
Álvaro Pérez Alonso Osasun eta Kontsumoko zinegotziak honako hau adierazi du:
"Programa hauen bitartez, osasun komunitarioarekin dugun konpromisoa indartzen dugu, hainbat publiko motari egokitutako proposamenak eskainiz. Osasun eta Kontsumo Sailak gonbita egiten die herritarrei eta, bereziki, heldu gazteei, Kalisteniako Parke Aktiboak ezagutzera etor daitezen. Modu dibertigarria, osoa eta doakoa da aire zabalean entrenatzeko, Bilboko parkeak aprobetxatzeko eta esperientzia beste pertsona batzuekin partekatzeko".