Síguenos en redes sociales:

Bihar hasiko dira TUMO Bilbao-Bizkaia zentroa sortzeko lanak

Instalazioak eraikitzeko proiektuak bost hilabeteko iraupena izango du gutxi gorabehera. Gero, behar den ekipamenduaz hornituko da eraikina, 2026an jarduerari ekiteko

Bihar hasiko dira TUMO Bilbao-Bizkaia zentroa sortzeko lanakB. U.

Bihar, irailaren 29an, hasiko dira Lantegia eraikina egokitu eta TUMO Bilbao-Bizkaia zentroa sortzeko lanak, Azkuna Zentroa-Alhóndiga Bilbaon, Bilboko Udalaren Gizarte eta Kultura Garaikidearen Zentroan. Eraikuntza-proiektuak bost hilabeteko iraupena izango du gutxi gorabehera. Gero, behar den ekipamenduaz hornituko da eraikina, 2026an jarduerari ekiteko, joan den martxoan proiektuaren aurkezpenean iragarri zen bezala.

Lanak egunez egingo dira, eta, beraz, litekeena da zarata edo bestelako eragozpenak sortzea zentroko erabiltzaileei. Bilboko Udalak barkamena eskatzen du aldez aurretik eragozpen horiengatik, eta eskertzen du herritarrak denbora horretan ulerberak izatea eta egonarriz eramatea.

2026-2027 ikasturtea

TUMO Bilbo-Bizkaia zentroa Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta “la Caixa” Fundazioaren arteko lankidetzaren emaitza da. Nazioarteko hezkuntza-programa bat da, doakoa eta eskolaz kanpokoa. Bertan, 12 eta 18 urte bitarteko nerabeek, coach-ekin eta sormen- eta teknologia-sektoreko profesionalekin batera, atsegin dutena aukeratuko dute askatasunez, eta beren portafolio pertsonala eta profesionala garatuko dute. Ereduak ikaskuntza-planen hiperpertsonalizazioa du oinarrian, eta banakako aurkikuntza eta profesionalekin egindako tailer eta laborategiak uztartzen ditu. 

2026-2027 ikasturtean, TUMO Bilbo-Bizkaia zentroak 1.000 ikasle hartzeko edukiera izango du. 2027-2028 ikasturtetik aurrera, edukiera 1.500 erabiltzailera handituko da urtero.

Hasierako fasean, TUMO Bilbo-Bizkaia zentroak zortzi ikaskuntza-arlo izango ditu: robotika, argazkilaritza, bideo-jokoen garapena, diseinu grafikoa, zinema, programazioa, musika eta animazioa. Aurreikuspenen arabera, 2027ko irailetik aurrera beste bi arlo egongo dira: 3D modelatua eta adimen artifizial sortzailea.