Datorren igandean, irailaren 28an, Santutxu auzoa, konkretuki Basarrate landa, bihurtuko da 'Domeketan bizikletaz' ekimenaren laugarren saioaren egoitza. Bertan parte hartuko du Bilboko Udalaren alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasuneko zinegotzi Nora Abetek.

Ekimen hori Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak sustatutako #BiziBilbaoBizikletaz uda-kanpainaren parte da. Kanpaina horrek, "Martxa aldatu, Bilbo eraldatu" lelopean, bizikleta garraiobide izatea sustatzen du sentsibilizazio-, prestakuntza- eta informazio-ekintzen bidez.

Adin guztietarako jarduera didaktiko eta ludikoz betetako jardunaldia izan ohi da, "bizikleta hiriko garraiobide gisa sustatzeko", Nora Abete alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasuneko zinegotziak azaldu duenez.

Familia osoarentzako dibertsioa eta ikaskuntza

Jardunaldia 11:00etan hasiko da, eta bizikletaz gozatzeko eta bizikletaren erabilera seguruari buruz ikasteko diseinatutako hainbat gune izango ditu:

  • Bide-segurtasuneko prestakuntza-saioa eta ibilbide gidatua: ikasgela pedagogikoa eta hiri-ibilbide praktikoa, talde itxietan, segurtasunez zirkulatzen ikasteko.
  • Gurpil zulatuak konpontzeko tailerra: bizikletaren matxura ohikoenetako bat konpontzen ikastea.
  • Bizikleta-ginkana, kukaina formatuan, lehia gisa erronka bat bilatzen dutenentzat.
  • Haurren gunea: aurpegiak margotzea eta eskulanak, betiere txirrindularitzako gaiekin.

Bigarren eskuko bizikleten azoka: bizikletak erosteko, saltzeko edo probatzeko espazio bat, Bizieskolaren lankidetzari esker.

2026an hazten jarraituko duen hitzordua

Santutxuko edizioa 'Domeketan bizikletaz' ekimenaren 2025eko azkena izango da eta dagoeneko Uribarrin, Ibaiondon eta Basurtun egin da. Datorren urtean Deustu, Errekalde, Abando eta Otxarkoaga/Txurdinaga barrutietara iritsiko da.

"Horrelako ekimenekin bizikleta adin eta auzo guztietara eraman nahi dugu, mugikortasun osasungarriago, seguruago eta hiriarekiko errespetutsuago batekin dugun konpromisoa indartuz", adierazi du Nora Abete alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasuneko zinegotziak.