Bilboko merkatariak eta ostalariak urriaren 10era arte eman ahal izango dute izena Udalak martxan jarri berri duen Biribilko programan parte hartzeko. Ekimen honen bidez, Udalak euskara ikastera eta hobetzera animatu nahi ditu.

Bilboko Udalak merkatari eta ostalari gero eta euskaldunagoak izatea du helburu udal-programa horrekin. Ikastaroak amaitu ondoren, ekainaren amaieran, matrikularen kostu osoa itzuliko die baldintza bi betetzen dituzten ikasleei: eskoletara gutxienez % 75 joan izana (gutxienez 68 eskola-ordu) eta gutxienez maiatzaren 1era arte eskoletara joan izana.

Klaseetara joaten diren pertsonek ziurtagiri pertsonalizatua jasoko dute, Biribilko 2025-2026 ikastaroan parte hartu izana ziurtatzen duena (betiere, eskolen % 75era joan izana bermatu behar dute). Horrez gain, hala nahi badute, dohainik eskuratuko dituzte merkataritzako eta ostalaritzako gaztelania-euskara hiztegiak. Era berean, doako itzulpen zerbitzua erabili ahal izango dute (gaztelaniatik euskarara) jendaurreko merkataritza- eta ostalaritza-testuak (kartelak) itzultzeko, saltokietan erabili behar direnerako.

Udalak elkarlanean garatzen du euskararen erabilera sustatzeko udal programa hau, zehazki, HABErekin eta euskaltegi homologatuekinbilbaoDendak elkartearekin eta hiriko merkatarien elkarteekin, eta Bizkaiko Ostalarien Elkartearekin.

Ikastaroak diruz lagunduta daude, 90 euroko kostua eta 90 orduko iraupena daukate, eta prestakuntza-maila bi eskaintzen dituzte: euskara komertzialeko oinarrizko ikastaroa eta euskara komertziala hobetzeko ikastaroa. Eskolak astean bitan ematen dira: astelehen eta eguaztenetan edo martitzen eta eguenetan, 2025eko urritik 2026ko ekainera. Parte-hartzaileek goizeko, eguerdiko edo arratsaldeko ordutegia aukeratu ahal dute.