Urriaren 10ean, Bilbo Leaders in Tech Conference saioaren seigarren edizioaren egoitza izango da. Jardunaldi honek punta-puntako teknologien oraina eta etorkizuna eta horien aplikazioa izango ditu ardatz, hala nola adimen artifiziala, zibersegurtasuna edo datu-espazioak, transferentzia teknologikoaren aldeko apustu sendoa egiteaz gain.
Bilboko Udalaren babesa duen ekitaldia izanik, Kontxi Claver, Ekonomiaren Garapen, Merkataritza, Turismo eta Enplegu Zinegotzia izango da irekiera-ekitaldian. Era berean, BBK Fundazioko Gizarte Ekintzako zuzendari Nora Sarasola ere bertan izango da.
Hainbat keynote hitzaldi egongo dira, honako aditu hauek emanak, besteak beste: Rebeca Santamaria-Fernández, AA aurreratuko Gemini ereduaren ikasketa-eredua sortu zuen Google DeepMind enpresako Harreman Estrategikoetako zuzendaria, eta Laura Baus, Vodafone Espainiako Zibersegurtasun zuzendaria (CISO). Gainera, Silicon Valleyko berrikuntzaren oinarriak ezagutzeko aukera ere egongo da, Anna Navarro Schlegel plataforma teknologikoen eta azpiegituren aditu eta exekutiboaren eta Iberdrolako (i-DE, Sare Elektriko Adimendunak) Prozesuen eta Teknologiaren zuzendari Estíbaliz Goñiren arteko elkarrizketan, Annak han eman baitu bere ibilbide profesionalaren zati handi bat, eta esperientzia inpaktu nola bihurtu jakiteko aukeraz ere gozatu ahalko da.
Gainera, jardunaldian hainbat mahai-inguru egingo dira. Horietako bat datu-espazioei buruzkoa izango da, eta Gaia X Espainia elkarteko zuzendari nagusi Francisca Rubiok, IDSAko (International Data Space Association) Datu Espazioen Teknologiako zuzendari Sonia Jiménezek, eta DAMA Espainiako idazkari eta Batzorde Exekutiboko kide Sofía Kosenkok hartuko dute parte, baita Tecnaliako Proiektuen zuzendari Juncal Alonsok ere, moderatzaile-lanetan. Denen artean eztabaidatuko dute zer indargune eta aukera dituen datuak zeregin estrategikoa hartzen duen eta berrikuntza eta lehiakortasuna sustatzeko baliabide partekatu bihurtzen den ingurune kolaboratibo berri horrek. Halaber, hainbat sektoretako erabilera-kasu errealak erakutsiko dira, Inkolan, LKS Next, Ikerlan eta Vicomtechek abian jarritakoak, besteak beste.
Transferentzia teknologikoak ere izango du protagonismoa; izan ere, mahai-inguru bat egingo da Venture Builderren eta DeepTech-en espezializatutako inbertsio-bitarteko espezializatuen adibide aktiboak ezagutzeko, teknologiaren alorreko transferentzia indartzeko. Cristina del Campok aurkeztuko ditu ,inbertsio-bitartekoen institutu teknologikoen REDIT Ventures sarearen parte den AINIA zentro teknologikoko zuzendari nagusiak, inbertsioan, ezagutzaren transferentzian espezializatutako lurraldeko beste eragile batzuekin eta arrakastazko zenbait kasurekin batera.
Jardunaldi honetan, gainera, gure lurraldeko berrikuntza-hub garrantzitsuenetako batzuen xedea eta jarduera ezagutaraziko dira, esaterako, Iberdrolaren Global Smart Grids Innovation Hub, BBK Kuna eta Sidenor 612renak.
Leaders in Tech Conferenceren aurreko bost edizioek arrakasta handia izan zuten, zientziaren eta teknologiaren alorreko 90 hizlarik baino gehiagok hartu baitzuten parte, baita 95 eragile eta antolakunde publiko-pribatuk ere; horregatik jarraitzen du INNOLAB Bilbaok teknologiaren eta berrikuntzaren alorreko adituen Espainia iparraldeko foro handienetako bat den honen aldeko apustua egiten.
Seigarren edizio honetan egungo eta etorkizuneko joera eta aurrerakuntza teknologikoak ezagutaraziko dira, eta enpresen ekosistemarako haien erabilerarik aurreratuenak bultzatuko eta sustatuko dira. Hori guztia, 360 °ko begirada emango diguten erreferentziazko enpresetako profesional handien eskutik.
Konferentzia honen iturburua Leaders in Tech proiektua izan zen, emakumezko adituen eskutik teknologiaren eta berrikuntzaren aukera berriak zabaltzen dituena, beste bi jarduketa ildorekin batera: Leaders in Tech Community, 4.0 talentuari buruzko hileko elkarrizketaz osatutako komunitatea, eta Leaders in Tech Think Tanks, teknologien inguruko aldizkako topaketak.