Bilboko Udalak uriko ikastetxeetako DBHko lehenego mailatik laugarren mailara bitarteko ikasleei zuzendutako txirrindularitza-arloko prestakuntza-programa bat jarriko du martxan, Mugikortasun eta Jasangarritasun sailaren bitartez. #BiziBilbaoBizikletaz proiektuaren barruan antolatutako ekimen honek saio teorikoak eta praktikoak izango ditu, bizikleta erabiltzen ikasteko eta bide publikoan modu seguru eta arduratsuan zirkulatzeko.

Ekimena atzo aurkeztu zen, Mugikortasunaren Europako Astea dela-eta irailaren 16tik 22ra bitartean egingo diren ekitaldien esparruan. Nora Abete alkateorde eta Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko zinegotziak adierazitakoaren arabera, “prestakuntza-programa honekin beste aurrerapauso bat egin dugu Bilbok mugikortasun jasangarri eta aktibo batekin duen konpromisoan, ikasleei tresna praktikoak eskainiko baitzaizkio bizikleta haien eguneroko bizimoduaren parte izan dadin. Gurpil bien gainean autonomia, segurtasuna eta konfiantza irabaztea nahi dugu".

Txirrindularitza-arloko prestakuntza-programako saioak "Bizikleta bat gehiago" metodologian oinarrituta daude. Metodologia hori Bizikletaren aldeko Hirien Sareak garatu du, eta Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak gomendatzen du.

Nora Abeterekin batera, hiriko ikasleentzako bizikleta-prestakuntzako programa honen aurkezpenean, Eider Bilbao Hezkuntzako zinegotzia izan da Juan Manuel Sánchez Marcos ikastetxe publikoan, Bilboko Kontxa Eskola izenekoan, ikastetxeko ikasleentzat txirrindularitza-ginkana batek dinamizatutako espazio batean.

Ekintza hori baretua izan den ingurune batean egin da, aspalditik ikastetxeko aire zabaleko jolas- eta kirol-jarduerak erraztu eta, aldi berean, eremu horretako kutsadura atmosferikoa eta akustikoa murrizten duen espazio batean.

Mugikortasunaren Europako Astearen edizio honetarako hautatu den “Guztientzako Mugikortasuna” leloarekin, Nora Abetek adierazi du jarraitu nahi dutela garrantzia ematen kalea pertsonentzat berreskuratzeari.

Prestakuntza-plan doakoa eta egokitua

Ikasturte honetan hasiko den txirrindularitza-prestakuntza aldez aurretik prestakuntza-programari atxiki zaion ikastetxe bakoitzean emango da. Guztira, 8 orduko iraupena izango du ikasle-talde bakoitzeko, eta jardunaldi batean edo gehiagotan egin ahal izango da, ikastetxe bakoitzaren antolaketaren arabera.

Bilbok ibilbide bat diseinatuko du aldez aurretik, irteera praktiko bakoitza egiteko, eta parte-hartzaile talde bakoitzaren mailara egokituta egongo da. Ibilbide bakoitzak profesional bi izango ditu, irakasle laguntzaileez gain, eta prestakuntza emango dute 12 ikasleko talde bakoitzeko.

Nahitaezkoa izango da kaskoa janztea, eta, beharrezkoa izanez gero, antolatzaileek emango dute. Ikasleek aukera izango dute beren bizikletarekin parte hartzeko edo ikastetxeen eskura jarriko diren bizikletak erabiltzeko.

Orain arte, 11 ikastetxek eta 32 taldek edo gelak adierazi dute parte hartzeko asmoa dutela, eta horrek esan nahi du 700 ikasle baino gehiago direla 2025-2026 ikasturtean inplikatu direnak. Horrek agerian uzten du ikastetxeen parte-hartzea zabala dela. Ikastetxe horien artean, Rekaldeberri BHI, Eskurtze, Deustuko Ikastola, Madre de Dios, Esclavas Bilbao, Bertendona edo Ave María ikastetxeak daude, 2025eko urritik 2026ko ekainera bitarteko egutegiarekin.

Helduentzako prestakuntza Bizitokin

Ikastetxeetako prestakuntzaz gainera, Bilboko Udalak 16 urtetik gorakoentzako doako prestakuntza-ikastaroak ematen jarraituko du BiziToki udal-espazioan. Maila desberdinetara egokitutako ikastaro horiek prestakuntza teorikoa eta praktikoa ere konbinatzen dituzte, eta astero ematen dira, talde txikietan, urte osoan zehar.

Era berean, "Domeketan Bizikletaz" ekimenaren laugarren edizioa irailaren 28an egingo da; 2025eko edizio hau egiteko, Santutxu auzoko Basarrate landa hautatu da. Domekako plan hori familian gozatzeko plan handia da. Hainbat jarduera egingo dira, hala nola kukaina moduko ginkana dibertigarria, bide-segurtasuneko eskola eta ondorengo ibilbide gidatua, bigarren eskuko bizikleten azoka, gurpil-zulatuak konpontzen erraz ikasteko tailer bat eta txikienentzat aurpegiak margotzeko eta eskulanak egiteko tailerra.

Eskola-umeen zein helduen prestakuntza-planei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, info@bizibilbaobizikletaz.eus helbide elektronikora idatz daiteke, webgune ofiziala bisitatu, edo sare sozialetan ekimenaren jarraipena egin #BiziBilbaoBizikletaz hashtagarekin.