Heldu da eguna. Urtebete pasa da Marijaiak iaz agur esan zuenetik, eta jendea gogotsu zegoen berriz ere Arriaga Antzokiko balkoian ikusteko. Orain bai, altu-altuan esan daiteke: larunbat honetatik aurrera, Bilbo jaietan dago.
Gaur arratsaldean, Arriaga Antzokia eta Areatza emozioen epizentro bihurtu dira berriro, Aste Nagusiaren 45. edizioaren hasiera ofizialarekin. 19:00etan, Doctor Deseo taldearen arima den Francis Díez Rojok ahotsa altxatu du Arriagako balkoitik pregoia irakurtzeko eta, horrela, kultura, alaitasun eta herritarren parte-hartze handiko bederatzi eguni ireki dizkie ateak.
Haren ondoan, Olatz Agirre Sagarna, Txori Barrote konpartsako kidea, txupin tradizionalaren metxa piztu du, milaka pertsona plazan zain zeuden bitartean. Marijaiaren agerpena, urteroko moduan, gehien itxaroten zen unea izan da: Antzokiaren balkoitik egindako agurrak txaloaldi handia piztu du eta Aste Nagusiko beste edizio bat jarri du abian.
Jaia lehertu baino lehen, Arriaga antzokian egin da jaien hasierako harrera ofiziala, Juan Mari Aburto alkatea eta Itziar Urtasun Berdintasuneko eta Jaietako zinegotzia buru zirela. Eurekin izan dira pregoilaria eta txupinera, eta Bilboko eta Bizkaiko bizitza politiko, sozial eta kulturaleko ordezkariak.
Aste Nagusiaren 45. edizioa gustu eta adin guztietarako proposamenez beterik dator: bederatzi egunetan mila jarduera baino gehiago, kontzertu handiak, antzerkia eta su artifizialak, dantzak, herri-kirolak, zirkua, kaleko ikuskizunak eta txosnetako giro paregabea.