Eraso arrazistak ekiditeko eta horiek gertatzen direnean aholkatzeko eta jarduteko protokolo espezifikoa jarri du martxan Bilboko Udalak, 'Respeto Nagusia / Errespetu Nagusia' kanpainaren barruan, Aste Nagusian garatuko dena.

Protokolo horri esker, pertsona baten arraza, kolorea, hizkuntza, erlijioa, nazionalitatea, jatorri nazionala edo etnikoa direla-eta gorabeheraren bat gertatuz gero, pertsona horri arreta eman ahal izango zaio hainbat baliabide publikoren bitartez (Udaltzaingoa, Guardiako Epaitegia, Gizarte Larrialdietako Udal Zerbitzua, osasun-zentroak, Biktimari Arreta Emateko Zerbitzua edo Giza Eskubide, Bizikidetza, Lankidetza eta Kulturartekotasun Saila), eta horrela informazio eta arreta guztia izango du bai salaketa jartzea erabakitzen badu, bai jarri nahi ez badu ere, edota berehala jarri nahi ez badu ere.

Horretarako, biktima beti jarriko da erdigunean, eta lehentasuna emango zaio berak zer urrats eman eta noiz emango dituen erabakitzeari. Gainera, behar dituen laguntza guztiak emango zaizkio eta konfiantzazko pertsona bat edo baliabide espezializatu bat izango du beti alboan.

Helburua da Bilbon jaiak seguruak, berdintasunezkoak eta inolako indarkeriarik gabekoak bizitzea eta gozatzea. Galaraziko den indarkeriaren barruan, gorroto arrazistaren, xenofoboaren edo ijitoaren aurkakoaren ondoriozko gertakariak ere hartuko dira kontuan. Horretarako, Udaleko zenbait sailen koordinazioa jarri da abian (Berdintasuna eta Jaiak; Giza Eskubideak, Bizikidetza, Lankidetza eta Kulturartekotasuna; Segurtasuna; eta Gizarte Ekintza), bai prebentziorako, bai, erasoren bat gertatuz gero, arreta emateko. Ildo horretan, beste administrazio eta entitate batzuen laguntza ere izango da, arreta eta laguntzan espezializatutako talde profesionalena hain zuzen ere.

Eraso arrazisten kasuan, alde batetik, Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko Sailaren laguntza dago. Sail horrek Eraberean sarea bultzatzen du, arraza-, etnia- edo nazio-jatorriagatiko eta sexu-orientazio edo -identitateagatiko eta genero-identitateagatiko diskriminazioaren aurka borrokatzeko. Sare horrek arreta juridikoa eta laguntza eskaintzen du gorroto arrazistaren, xenofoboaren edo ijitoen aurkakoaren gertakarietan. Bestalde, Auzolan modulu psikosozialak ere laguntzen du. Modulu horrek laguntza psikologikoa ematen die eraso horien biktima izan daitezkeen pertsonei.

Esku-hartze hori, koordinaturik eta gorroto-istiluen aurrean irmotasun-, sendotasun- eta batasun-printzipioei jarraiturik, herritar guztiei eskaintzen zaie askatasunez ospatuko diren eta bizikidetza lehenetsiko den jai batzuen alde eta intolerantziak lekurik izango ez duen Bilbo baten alde partekatzen dugun konpromisoa erakusteko.

Kanpaina Udalaren sare sozialetan, Bilboko Udalaren webgunean eta hiriko kaleetan eta plazetan zabalduko diren publizitate-euskarrietan ikusi ahal izango da.