Urtero bezala, Bilboko Udalak erasoen aurkako udal estrategia prestatu du Aste Nagusirako. Asteazken honetan goizean, abuztuaren 13an, jaiei hasiera emateko hiru egun baino falta ez direnean, Udalak 'Errespetu Nagusia / Respeto Nagusia' izeneko kanpaina aurkeztu du.

Kanpaina hori adierazpen irmo eta kolektiboa da, eta Aste Nagusian zehar "Bilbo, hiri konprometitua eta eraso matxista, arrazista eta LGTBIQfobikorik gabekoa" izateari buruzko mezua indartzen du. Hala adierazi dute Juan Mari Aburto alkateak eta Itziar Urtasun Berdintasun eta Jaietako zinegotziak estrategiaren aurkezpenean. Txupina jaurtitzeko unean eta Marijaia Arriaga Antzokiko balkoian lehen aldiz agertzean aktibatuko da estrategia.

Bertan, Antzokiko hallean, azaldu dira gaur goizean jaietan zehar erasoak prebenitzeko eta desagerrarazteko garatuko diren lerro estrategikoak eta dispositiboaren koordinazio-lanak. Ekitaldian zehar, Bilboko alkateak azpimarratu du garrantzitsua dela Bilboko jaien eredua indartzen jarraitzea espazio libre eta seguru gisa: "Bilboko jaien eredua bakana, irekia, berdinzalea eta librea da. Eta babestu egingo dugu. Errespeturik gabe, ez dago jairik".

Gainera, erantzukizun kolektiboa aipatu du: "Aste Nagusia munduan bakarra izaten jarraitzea nahi badugu, frogatu egin behar dugu. Gure jarreraz, erantzukizunaz eta elkarlanaz". Era berean, kanpaina honetan parte hartzera gonbidatu ditu herritar guztiak, "Udalak aliatuak bilatzen ditu (pertsonak nahiz kolektiboak), askatasunaren aurka sortzen ari diren erreakzioei aurre egiteko".

Ildo horretan, Itziar Urtasun Berdintasun eta Jaietako zinegotziak bereziki gazteenei esan die –eta, zehazki, mutilei– "ez dugula zuen konplizitatea nahi, ezta zuen isiltasuna ere. Zuen ausardia nahi dugu. Zuzena ez den zerbait ikusten duzuenean, hori ondo ez dagoela esatea".

Gainera, hitz egiteko txandan, Itziar Urtasunek feminismoaren defentsan jardun du: "badakigu gizon gazte eta heldu batzuek uste dutela feminismoa haien aurka doala. Baina feminismoa ez doa inoren aurka". Gero, jai-ingurune batean duen esanahia azaldu du: "Feminismoa errespetatzea da, pentsatzea emakumeok askeak garela, ondo pasatzeko eta gozatzeko eskubidea dugula, bakarrik irten gaitezkeela, nahi dugun bezala janzteko eta dantzatzeko eskubidea dugula... ezetz esan dezakegula, eta BAIETZ esan dezakegula. Izan ere, neskak, adin guztietako emakumeak, ez beti da ez, bai bakarrik da bai. Zerbaitek molestatzen badigu, argi eta garbi esan behar dugu eta, beharrezkoa bada, laguntza eskatu".

Aurkezpenean parte hartu dute, era berean, Bilboko Konpartsak-eko kideek, Amaia Arregi Segurtasuneko zinegotziak, Juan Ibarretxe Gizarte Ekintzako zinegotziak, Udalbatzako beste ordezkari batzuek, eta hiriko eragile sozial eta kulturalek.

'Respeto Nagusia / Errespetu Nagusia'

Udalak aurreko Aste Nagusiko kanpaina abiatu du aurten ere, 'Respeto Nagusia / Errespetu Nagusia' leloarekin. Errespetua da sormenaren erdigunea, Marijaiaren siluetarekin batera, zeina errespetuzko eta berdintasunezko jaien defendatzaile gorena baita. Eta, gainera, mezu honekin batera doa: "Bilbo, hiri konprometitua eta eraso matxista, arrazista eta LGTBIQfobikorik gabekoa". Modu berean, jaiek nazioarteko izaera dutenez gero, mezua ingelesera eta frantsesera itzuli da.

Irudiak abuztuaren hasieratik zabaldu dira hiriko kaleetan jarritako publizitate-euskarrietan. Hemendik aurrera, puntu estrategikoetan haien presentzia areagotuko da, BBKk lagatako lau metroko altuerako bi totem ipinita, Udaletxeko Zubian eta Etxebarria parkeko erakustazokan. Beste euskarri mota bat jarriko da Geltoki Intermodalaren inguruan, Indautxu plazan, Plaza Biribilean eta Uribitarte pasealekuan.

Jaietan, hirian zehar banatutako pantailen bidez sustatuko da kanpaina, kontzertuen agertokietan eta turismo-bulegoetan, garraiobideetan, eta Bilbobusen eta MetroBilbaoren geltokietan. Halaber, kanpaina konpartsen txosnetan, dendetan, jatetxeetan eta hoteletan erabiltzeko gonbita egingo da.

Era berean, Udalak publizitatea kontratatu du komunikabideetan, hedabide sozialetan eta bere sare sozialen kontuetan, herritarrak irudiak euren profiletan partekatzera animatzeko, era guztietako erasoen aurrean (matxistak, arrazistak nahiz LGTBIQ+fobikoak) gaitzespen bateratua erakusteko.  

Bestalde, webgunean informazio guztia eta Udal Estrategia osatzen duten elementu guztiak kontsultatu ahalko dira.

Berdintasuna Txikigunean

Aurten, berritasun modura, Erasoen aurkako Estrategia Txikigunera zabalduko da, Casilda Iturrizar parkera doazen diren umeek eta nerabeek, dibertitzen diren bitartean, gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren esanahian sakondu ahal izan dezaten.

Haurrentzako jai-parkeko 30 jardueren artean, "Berdintasunaren Biderantz" nabarmentzen da, talde-jokoa da eta pistak erabilita jokatu behar da; besteak beste, erantzukidetasuna, aniztasuna, kultura-aniztasuna, jasangarritasuna edo giza eskubideak jorratuko dira. Parte-hartzaileek gizartearen zati bat mugatzen duten aurreiritziak eta oztopoak landuko dituzte. Proposamen horretan Ur eta Ekhi pertsonaiak dira protagonista eta horiek izango dira ibilbideko gidari.

Espazio horretan bertan, photocall bat instalatuko da Errespetu Nagusia kanpainaren irudiarekin eta QR baten bidez kanpainako material guztiak eskuratu ahal izango dira. Espazio horretan, familiek argazkiak egin ahal izango dituzte, Aste Nagusia hasten den egunean Arriaga antzokiko balkoian egongo balira legez, Marijaiaren siluetarekin, txupinerarekin eta pregoilariarekin.

Udalaren baliabideak erasoen kontra

Bilboko Udalak abuztuaren 16an (larunbata) aktibatuko du Jaietako eta Berdintasuneko Sailak bultzatutako Udal Estrategia hau, Udaltzaingoaren eta Gizarte Larrialdietako Udal Zerbitzuaren laguntzarekin.     

Bilboko Udalak arreta-zerbitzua eskaintzen die indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei, urteko 365 egunetan eta eguneko 24 orduetan, Gizarte Larrialdietako Udal Zerbitzuaren eta Udaltzaingoaren bidez.Erasorik gertatuz gero, laguntza psikologiko eta juridikoko zerbitzua dago erasotako emakumearentzat eta senideentzat.

Gorroto-erasoei, eraso arrazistei eta eraso LGTBIQfobikoei dagokienez, hala behar duten pertsonek, biktima izan direnek edo lekuko izan direnek 24 orduko Arreta eta Aholkularitza Zerbitzua izango dute bederatzi jai-egunetan, talde espezializatuekin. Zerbitzua jasotzeko bidea GLUZ edo Udaltzaingoa ere izan daitezke.

2022tik, Udalak 'Puntu Moreak' izenekoak zabaltzen ditu kontzertu-guneetan: Abandoibarra eta Europa parkea, Plaza Barria, Casilda Iturrizar parkeko pergola eta Plaza Biribila.Eraso sexistei buruzko eta gorroto, arrazakeria eta LGTBIQ+fobia izaerako erasoei buruzko prestakuntza jaso duen pertsona talde bat da. Arreta eta laguntza eskainiko dizkie behar duten pertsonei.

Aste Nagusiaren edizio honetan, gertakari matxisten, arrazisten eta LGTBIQ+fobikoen hiru aholkularitza- eta jarduketa-protokoloak argitaratu dira berriz.  Dokumentu horietan, prozedura argi eta egituratu bat jasotzen da, indarkeria matxistarekin, arrazakeriarekin edo LGTBIQ+fobiarekin lotutako edozein gertakari jasaten duten pertsonei arreta emateko.  Biktima erdigunean jartzen da, eta arreta eta orientazio integral pertsonalizatua eta kalitatezkoa bermatzen da, biktima bakoitzaren eta bizikidetza komunitarioaren beharrei erantzunez.

Era berean, informazio baliotsua da modu horretako gertaeren lekuko izan den edozein pertsonak erasoa detektatzeko, eta nola jokatu eta lagundu jakiteko.Bilboko Aste Nagusian Bilbon bizi diren edo hiria bisitatzen duten ahalik eta pertsona gehienengana iristeko, hiru protokolo horiek zortzi hizkuntzatan egongo dira eskuragarri: euskaraz eta gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez, arabieraz, txineraz, errumanieraz eta portugesez. 

Gainera, aurreko edizioetan bezala, Udalak eta Bilboko Konpartsak-ek, jaiei lotutako entitateekin batera, Aste Nagusian eraso matxistak gertatzen direnerako aholkularitza- eta jarduketa-protokoloa berritu dute, eta kulturartekotasunaren eta LGTBIQ+aren ikuspegia txertatu dute.

Aste Nagusiaren edizio honetarako eguneratutako beste material bat, horrelako egoerak identifikatzeko eta haien aurrean nola jokatu behar den jakiteko sortua, eraso matxista, arrazista eta LGTBIQfobikoen aurkako INFORMAZIO-GIDA da, eta euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez dago. Argitalpen horretan, gisa horretako erasoak zer diren azaltzen da eta detektatzen laguntzen da, eta halakoak prebenitzeko eta aurre egiteko gomendioak jasotzen dira. 

Material horiek (protokoloak eta gida) bertsio digitalean eskuragarri egongo dira, gailu mugikorretarako deskargatzeko moduan, 'Bilboko 2025ko Aste Nagusia' aplikazio ofizialean. Modu berean, udalaren webgunean argitaratuko dira.

Erasoen aurkako Udal Estrategia honek prebentzioaren eta komunitatearen aldeko lanaren aldeko apustuari erantzuten dio.  Udako hilabeteetan, hainbat prestakuntza- eta informazio-saio egin dira Bizkaiko hiriburuan lan egiten duten elkarte eta entitateekin, merkatarien elkarteekin, ostalaritza-lokalekin, hotelekin, feriariekin, segurtasun- eta garbiketa-zerbitzuekin, garraiolariekin, festarekin zerikusia duten eragileekin (hala nola Konpartsak), eta beste entitate eta elkarte sozial batzuekin. "160 pertsona baino gehiago trebatu dira erasoen, indarkeria matxisten eta gorroto-gertakarien aurka. Uste dugu trebakuntzak eragin biderkatzailea duela eta onuragarria dela herritarrentzat", zehaztu du Itziar Urtasunek.

Eranskailuak biktimei laguntzeko telefonoekin

Eranskailu batzuk diseinatu dira, telefono mugikorraren atzealdean eta komun publikoetan jartzeko, arreta behar izanez gero edo erasoak salatu behar izanez gero erabilgarri dauden telefono-zenbakiak erraz eta azkar ikusteko:

  • Udaltzaingoa eta Larrialdiak: 092 eta 112.
  • Gizarte Larrialdietarako Udal Zerbitzua: 94 470 14 60
  • Berdintasuneko eta Jaietako Saila: 94 420 48 38
  • Giza Eskubide, Bizikidetza, Lankidetza eta Kulturartekotasun Saila: 94 420 48 07
  • Sexu-indarkeriaren biktimei arreta integrala emateko zerbitzua, sexu-indarkeriaren biktima diren emakumeentzat: 900 840 977

SOS Deiak aplikazioa

Udalak, halaber, 112 SOS Deiak aplikazio mugikorra deskargatzera animatzen du. Tresna hori Eusko Jaurlaritzak garatu du, eta larrialdiei geolokalizazio aurreratuaren bidez abisatzeko aukera ematen du, baita estaldura txikiko eremuetan ere.

Sistema horren bidez, erabiltzaileek gorabehera baten berri eman ahal izango diote larrialdietako zentro bateratuari. Zentro horrek behar diren baliabideak mobilizatuko ditu, bai segurtasunari dagokionez, bai babes zibilari dagokionez, eta larrialdien kudeaketaren efizientzia hobetuko du.

SOS Deiak app-ak atal espezifiko bat du, hain zuzen ere eraso matxistei erantzuteko, eta herritarrei tresna sendo bat ematen die, EAEn funtzionatzen ari dena, erasoak gertatuz gero berehala laguntza eskatu eta jasotzeko.

Aplikazioa intuitiboa da. Eleaniztuna da eta dibertsitate funtzionala duten pertsonentzat diseinatutako funtzioak ditu, hala nola entzumen-desgaitasuna duten pertsonentzako testu-komunikazioko aukerak.