Irisgarria eta inklusiboa. Horrelakoa izango da Bilboko Udalak Aste Nagusian sustatuko duen jai-eredua. Horretarako, abuztuaren 16tik 24ra bitartean 'Jaietan gozatu zuk ere!' izeneko kanpaina egongo da martxan, pertsona guztiek aukera-berdintasunean gozatzeko konpromiso irmoari helduz.

Irisgarritasun unibertsala presente egongo da Aste Nagusiko espazioetan, musika-agertokietan, antzerki-ikuskizunetan eta umeen jardueretan, besteak beste; horrela, edozein pertsonak, bere adina edo gaitasunak edozein direla ere, programazioan modu aktiboan parte hartu ahal izatea bermatuko da. Aurten ere arreta berezia jarri da haurtzaroan eta familietan, jai-jarduerez errespetuz gozatzea sustatzen duten ekimenekin.

Txikigunea

Adibide esanguratsuenetako bat Txikigunea da, Casilda Iturrizar parkean dagoen umeentzako espazioa, abuztuaren 17tik 24ra. Jolaserako eta irudimenerako pentsatutako ingurune horrek dibertsitate funtzionala daukaten haurrentzat egokitutako jarduerak izango ditu, eta begiraleek desgaitasuna daukaten pertsonei arreta emateko prestakuntza eta berdintasunaren arloko prestakuntza izango dute.

Horien artean, premia bereziak dauzkaten pertsonek lehentasunezko sarbide-txartela izango dute, informazio-etxolan eskatu behar dena. Puntu horretan bertan, zeinu-hizkuntzako interpreteari buruz galde daiteke, eta hura eskuragarri egongo da behar duten familientzat. Era berean, ipuin-kontalaria egongo da, zeinu-hizkuntzako interpreteak lagunduta.

Haur parkera hurbiltzen diren pertsona guztiek Aste Nagusiko bi pertsonaia sinbolikoz gozatzeko aukera izan dezaten, neurriak hartuko dira: Gargantuak arrapala bat dauka mugikortasun urriko umeentzat, eta Marijaiaren tamaina txikiko erreprodukzio berezia izango da, ikusteko zailtasunak dituzten pertsonentzat.

Gainera, Txikiguneak soinu-alteraziorik gabeko ordu-tarteak ere izango ditu espektro autistaren nahasmendua (AEN) duten pertsonentzatAbuztuaren 19an, martitzena, 16:30etik 20:00etara, eta abuztuaren 20an, eguaztena, 11:00etatik 14:30era izango dira tarteak. Ordu horietan giroa lasaiagoa izango da eta espazioaz erosoago gozatu ahal izango da.

Haurrentzako guneak lurzoru bereziak izango ditu ura edo lursail irregularra duten jarduera batzuetan, eta Txu-Txu trenean sartzeko arrapala eta haur-orgak eramateko espazioa egongo da.

Inklusioa Casilda Iturrizar parkeko pergolan familientzako kale-antzerkiko saioetan ere ikusgai jarriko da. Zehazki, abuztuaren 17tik abuztuaren 24ra, 19:30etik aurrera, zeinu-hizkuntzako interpretea egongo da emanaldietan, hala behar izanez gero, entzuteko desgaitasuna daukaten pertsonek kulturara eskuratzeko modua izan dezaten.

  • Abuztuaren 18an, 19:30ean: Zirika Zirkus: "Marietak Zirkus"
  • Abuztuaren 24an, 19:30ean: Eleder Magoa: "Magia Mundiala"

Bestalde, Bizikidetasun plazako ikuskizunek ere zeinu-hizkuntzako interpretea izango dute:

  • Abuztuaren 18an, 21:15ean: Teatro Sobre Ruedas: "Revolución"
  • Abuztuaren 19an, 12:30ean: Gorakada antzerkia: "Bermetuaren Kermessea"
  • Abuztuaren 20an, 21:15ean: Los Gandules: "Extravagancia"
  • Abuztuaren 23an, 12:30ean: Ganso y Cia: "Welcome Sorry"
  • Abuztuaren 23an, 21:15ean: Nostraxladamus: "Nada"

Antzerki-programa irisgarritasun-irizpideak kontuan hartuta diseinatu da eta, horregatik, pieza askok oso testu gutxi izango dute.

Erreserbatutako espazioa Balearen Desfilean

Jaietan familientzako beste jarduera adierazgarri batzuek ere irisgarritasun-neurriak izango dituzte. Horixe da Balearen Desfilearen kasua, umeek eta familiek gehien espero duten uneetako bat. Berriro ere bidearen zati espezifiko bat erreserbatuko da –Bizkaiko Foru Aldundiaren Jauregiaren aurrean– desgaitasuna daukaten adingabeentzat.

Adingabeen erreferentziazko beste espazio bati dagokionez, Etxebarria parkeko jai-eremua, ahalik eta espaziorik inklusiboena izango da.Horretarako, soinu-alteraziorik gabeko ordu-tarte batzuk ezarri dira, autistek barrakez gozatu ahal izan dezaten inolako kalterik gabe. Horrela, bada, abuztuaren 17an, 20an eta 22an, 17:00etatik 20:00etara, barraketan ez da musikarik edo bestelako hots zaratatsurik egongo.

Pertsona guztientzako pregoia

Aste Nagusiaren hasiera pertsona guztien gozamenerako diseinatuta dago; horregatik, Francis Díez Rojo musikariak Arriaga Antzokiko balkoitik irakurriko duen Pregoiak zeinu-hizkuntzako interpretea izango du.

Musika ere irisgarria izango da. Abandoibarran, Enkarnazio elizan, Europako Parkean eta Plaza Barrian programatutako kontzertuetan, desgaitasuna daukaten pertsonentzat erreserbatutako eta behar bezala seinaleztatutako guneak prestatuko dira.

Gainera, aurretik ere egin izan den moduan, Bilboko Udalak komun egokituak instalatuko ditu jai-esparruko hainbat puntutan.

Programazioaren zabalkundeari dagokionez, Bilboko Udalak kartela eta programa ofiziala Braillez editatu ditu berriz ere ikusteko zailtasunak dauzkaten pertsonentzat, eta eskuragarri daude Herritarrentzako Arreta Bulegoan (San Agustin eraikina), ONCEren egoitzan (Pérez Galdós 11), informazio turistikoko guneetan (Plaza Biribila eta Guggenheim Bilbao Museoa), Txikigunean eta Abandoko (Barrainkua) eta Zazpi Kaleetako (La Bolsa eraikina) udaltegietan.

"Aste Nagusia 2025" aplikazio mugikor ofiziala ere irakurketa errazeko arauen arabera diseinatu da. Aplikazio hori ulermen-zailtasunak dauzkaten pertsonei egokituta dago eta jai-ekitaldi guztiak jasotzen ditu, bai eta eskuragarri dauden irisgarritasun-neurriak ere. Neurri horiek erraz antzemateko moduko piktogramen bidez adierazita egongo direnak.