Abuztuaren 21an hiriko adinekoek protagonismo osoa hartuko dute. Egun horretan, Aste Nagusiaren aurreko edizioetan bezala, 'Adinekoen Eguna' ospatuko baita, nagusientzako beren-beregi prestatu eta antolatutako jarduerekin.
Egun horretan, dagoeneko ohitura denez, ia 300 adinekok hartuko dute parte jai-jardunaldi oso batean. Adineko horiek Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua (ELZ) eta Ostatu eta Eguneko Arreta Zerbitzua udal-zerbitzuen eta Begirada Aktiboa eta Aukeragune programen erabiltzaileak dira. Goiza zirku-saio batekin hasiko da, eta jarraian herri-bazkaria egingo da Bilbao Arenan, eta han bilbainadak, dantzaldiak izango dira eta kultura- eta kirol-ekitaldietarako sarreren zozketa egingo da. Hori guztia Marijaiaren presentzia bereziarekin.
Gainera, adinekoak Aste Nagusiko ekitaldirik maitatuenetako batzuez gozatu ahal izango dira jaietako bederatzi egunetan:
- Bilbainadak, egunero, eguerdiko 12:00etan, Casilda Iturrizar parkean. Besteak beste, talde hauek etorriko dira: Los 5 Bilbainos, Bilbao Mapamundi, Gau Pasa eta Los Chimberos.
- Gainera, bilbainadak egun guztietan entzungo dira eguerdietan, Bilbotarrak taldeak tabernarik taberna ibiliko baita.
- Musika ere izango da egunero, 12:00etatik aurrera, Areatzako Kioskoan, Udal Musika Bandaren eskutik.
- Abuztuaren 24an, domekan, Txistulari Bandak ohiko txistulari-alardea egingo du Plaza Barrian, eta Euskal Herri guztitik (zazpi euskal lurraldeetatik) eta bereziki Bizkaitik etorritako 80 txistulari inguruk hartuko dute parte.
- Abuztuaren 21etik 24ra bitartean, hau da, eguenetik domekara, 12:00etatik aurrera, Herri Kirolen erakustaldiak izango dira Arriaga plazan. Haien barruan, Pentatloi Lehiaketa eta Harri-jasotzaileen Bizkaiko Liga jokatuko dira eta hainbat euskal kirol tradizionalen erakustaldiak egingo dira, bereziki emakumeei eta gazteei ikusgarritasuna emanez.
- Santiago plazan, bestalde, bertsolaritzaren arloko lehen mailako figurak bilduko dira egunero 13:00etan (abuztuaren 20an, eguaztenean, ez da ordu horretan egingo bertso-saioa, 14:00etan baizik, bertso-bazkaria dela eta).
- Berbenak egunero egingo dira Plaza Biribilean, saio bitan (20:00etan eta 23:00etan), eta erritmoz, nostalgiaz eta gaurkotasunez betetako errepertorioa eskainiko dute, memoria kolektiboaren parte diren abestiekin.
- Gaueko guatekeak, 23:30etik aurrera, Casilda Iturrizar parkean. Gaueko guatekeek urtero ehunka adineko biltzen diituzte, dantzatzeko eta ondo pasatzeko gogoz egoten direnak. Programazioan, umorea eta musika parodiak, mariatxiak, habanerak, Espainiako pop-rockaren kanta arrakastatsuak eta Italiako musikaren arrakasta handiko kantak izango dira.
Programazio horrekin, Udalak adinekoekin duen konpromisoa berresten du, hiriko bizitzan betetzen duten zeregina aitortuz eta jaietan ere aktiboki parte hartzea sustatuz.