Ohikoa denez, Areatzako Kioskoa izango da Bilboko Udal Musika Bandaren egoitza nagusia Aste Nagusian. Bandak jaietan eskainiko dituen 11 kontzertuetatik 8 izango dira Areatzan. Abuztuaren 17tik 24ra bitartean goizero joko dute bertan, 12:00etan.
Hiriko gune enblematiko honetan, Bandak giro paregabea sortuko du, eta bertaratutakoek ederki gozatu ahal izango dute: pasodobleak, zarzuelak, klasikoak eta txistulari, gaita-jotzaile zein dantzariekin egindako kolaborazio bereziak izango dira protagonista.
José R. Pascual Vilaplana (abuztuaren 17an), Iñaki Urkizu zuzendariordea (abuztuaren 20tik 24ra) eta Juan José Ocón zuzendari gonbidatua (abuztuaren 18an eta 19an) izango dira Kioskoan taldea gidatuko dutenak. Haien zuzendaritzapean, musika anitz eta biziak hartuko du Areatzako gunea: euskal dantzak, zarzuela, doinu latinoamerikarrak eta bertoko konposizioak uztartuko dira, Bilboko kultur aberastasuna eta munduarekin duen lotura agerian utziz.
Abuztuaren 20an, asteazkena, Bilboko Udal Txistulari Banda eta Olaeta Ballet konpainia izango ditu lagun talde bilbotarrak, euren musika eta dantzekin Udal Bandako berrogeita hamar musikari baino gehiagorekin bat eginez. Ostiralean, abuztuaren 22an, berriz, Elciegoko Gaiteroekin elkarlanean arituko dira.
Bilboko Udal Musika Bandak hiru kontzertu berezi eskainiko ditu Aste Nagusian. Batetik, abuztuaren 15ean, Iñaki Urkizu zuzendariordearen aginduetara, Juan XIII Plazan, Begoñako Basilikaren ondoan, kontzertu hunkigarria eskainiko da, Amatxuri omenaldia eginez zortziko eta melodia herrikoi tradizionalekin.
Hurrengo egunean, abuztuaren 16an, 23:30etan, "Memoria sonora de raíz" izeneko ikuskizunak emango dio hasiera Plaza Berrian ospatuko den kontzertu-zikloari. Jose R. Pascual-Vilaplanak hartuko du batuta eta Abraham Cupeirorekin batera, munduko paisaia soinudunetan barrena bidaia sentsorial eta berezia proposatuko dute, Cupeiroren musika-tresna zahar eta bitxien bidez.
Azkenik, abuztuaren 19an, asteartea, Bandak berriz joko du Abandoibarrako agertokian, 23:30ean, Sorotan Bele taldearekin batera. Folk eta rock doinuekin girotutako kontzertu zirraragarria izango da, emozioz eta euskal izaeraz beteriko doinuekin. Sorotan Bele 90eko hamarkadan folk euskal musikaren berrikuntzan funtsezko taldea izan zen; sustrai tradizionalak soinu garaikideekin eta letra konprometitu eta indartsuekin uztartu zituzten, belaunaldi oso baten eta euskal kulturaren erreferente bihurtuz.
Azkenik, jai egitarauari amaiera emateko, abuztuaren 24an, igandea, Bilboko Udal Txistulari Bandaren ohiko Txistulari Alardean ere parte hartuko du, 13:00etatik aurrera Plaza Barrian eskainiko den emanaldian; Txaber Fernández zuzendari bilbotarraren zuzendaritzapean, Euskal Herriatik eta bereziki Bizkaitik etorritako 80 txistulari inguruk parte hartuko dute, eta haiekin batera, metak boskote bat, San Antón abesbatza, Imanol Iribarren (pianoa), Íñigo Eskubi (guitarra), Amaiur Cajaraville (baxua), Ander Zulaika (bateria) eta Oinkari dantza taldea. Aurten, Julen Alonso eta Uxue Kerejeta izango dira gonbidatu bereziak.
Areatzako Kioskoa
Kontzertu guztiak goizeko 12:00etan izango dira Areatzako kioskoan.
- Abuztuaren 17a, igandea – “Dantzaren erritmoan”: Dantza tradizional eta herrikoien ibilbide bizia, zarzuela, tango eta jazzaren keinuekin, erritmo klasikoari eutsiz.
- Abuztuaren 18a, astelehena – Atxuritik Areatzara, Aida, El Caserío edo West Side Story bezalako klasikoen geltokidun bidaia bat, euskal musika, zarzuela eta musikal ezagunak uztartuz.
- Abuztuaren 19a, asteartea – Zarzuela, samba eta folk kutsuko emanaldi arin eta bizia, non pasodoble, zortziko eta murziar alaitasunaren artean dantzan jarriko den Banda.
- Abuztuaren 20a, asteazkena – “Erromeria”, musika eta dantza ikuskizuna Ballets Olaeta eta Bilboko Udal Txistulari Bandarekin batera: txistu, ospakizun koloretsu eta partekatua.
- Abuztuaren 21a, osteguna – “Iberoamerikako haizeak”: Tangoez, habaneraz eta malagueñez betetako ibilbide bero eta sentikorra, magia errealistatik boleroetara.
- Abuztuaren 22a, ostirala – Elciegoko Gaiteroekin: euskal giroko jaialdia, Irundik Ribaforadara, balts, jota eta dantzekin partekatutako tradizioa ospatzeko.
- Abuztuaren 23a, larunbata – “Euskal Herriko jaiak”: Diannekin, danbor-jotzeekin eta melodia herrikoiekin amaiera jaiaz betea gure lurraldeko festa tradizionalen omenez.
- Abuztuaren 24a, igandea – “Bilboko konpositoreak”: Villa honetan sortutako melodiak omentzeko saio hunkigarria, pasodoble, estampa eta bilbotar konpositoreen abestiekin.
Kontzertu bereziak
- Abuztuaren 15a, ostirala: 11:30ean, kontzertua Juan XXIII plazan, Begoñako Basilikaren ondoan.
- Abuztuaren 16a, larunbata: 23:30ean, “Erroetatik sortutako oroimena” Plaza Barrian.
- Abuztuaren 19a, asteartea: 23:30ean, Sorotan Bele taldearekin emanaldia Abandoibarran.
- Abuztuaren 24a, igandea: 13:00etan, Txistularien Alardea Plaza Barrian.