Arraizko eta Iturritxualdeko atsedenlekuetako parrilla zaharrak kendu eta barbakoak egin ahal izateko eremu berriak zabaldu ditu Bilboko Udalak, urian barbakoak egiteko gaitutako espazioen berregituraketaren barruan. Orain espazio horiek seguruak eta mugatuak dira.
Arraizen hamabi barbakoako esparru bat sortu da, bi ilaratan; sei barbakoa jarri dira ilara bakoitzean. Barkakoak 1,60 m garai, 80 cm zabal eta 60 cm sakon dira, eta burdinurtuko parrilla mugikor bat daukate. Gainean, metalezko estalki bat daukate.
Iturritxualden, ordea, hamar barbakoa (bosteko bi ilara) dituen esparru bat prestatu da, aurrekoen ezaugarri berberekin.
Pastorekorta, Atxokorre eta Mendiganako eremuetan parrilla zaharren egiturak kendu dira, baina ez da egitura berririk ezarriko.
Aurrekariak eta proiektua
Bilboko Udalak, azterlan sakona egin ondoren, Bilboko eraztun berdeko aisialdi-guneetako parrilla zaharrak kendu ditu, eta, haien ordez, barbakoak egiteko espazio berri seguru hauek sortu ditu.
Bukatu berri den proiektu horrek hiru helburu ditu:
- Suak pizteko azpiegiturak berritzea.
- Suak pizteko espazio mugatuak sortzea.
- Aisialdi-guneetan suteen aurkako segurtasuna bermatzea.
Berdeguneen Udal Ordenantzak berariaz adierazten du "Bilbon horretarako leku jakinetan eta baimendutakoetan baino ezingo da surik egin, eta kontuan hartuko dira urtaroaren eta landareen arabera aginpidea duten agintariek emandako arauak". Era berean, honako hau zehazten du: "Sua egin ostean, alde egin aurretik erabiltzaileek txingarrak itzali beharko dituzte".
Beraz, Bilbok ez zuen horretarako leku egokirik, erabilera publikoko merenderoetako barbakoak partzialki kendu ondoren, 2005. urtearen inguruan. Harako hartan, barbakoetako hormak eraitsi zituzten, baina ez zituzten beheko harrizko edo hormigoizko egiturak kendu. Horrelako 33 parrilla zeuden guztira, aisialdi-eremuetan modu desorekatuan banatuta. Gehienak Arraizeko gunean (hamabost) eta Iturritxualden (hamalau) zeuden. Gainerakoak Atxokorren (bi), Mendiganan (bat) eta Pastorekortan (bat) zeuden.
Oso sakabanatuta zeuden, azalera handia hartzen zuten eta banan-banan jarrita zeuden; ondorioz, erabilgarri egon ziren bitartean zaila zen garbiketa- eta mantentze-lanak egitea eta, gainera, jarduera horiei lotutako arriskua handiagoa zen.
Horregatik, Udalak azpiegitura horiek eraitsi ditu eta ondo mugatutako esparruak sortu ditu, parrilla guztiak batera jartzeko.
Gune horiek argi eta garbi seinaleztatu dira suak pizteko egokitutako leku gisa. Aisialdirako gainerako espaziotik fisikoki bereizita daude, hormen bidez, eta barrura sartzeko bi ate dituzte.
Banaketa berriaz gain, parrilla berrien ezaugarriek eta konfigurazioak ezbeharrak saihesten lagunduko dute. Lehenik eta behin, zola hormigoizkoa da, eta barbakoen inguruan behar adina espazio hartzen du, txinpartak edo brasak ez daitezen berdegunera iritsi.
Helburu berarekin, estalki metalikoak jarri dira suen gainean, aire-korronteek arrastatzen dituzten partikula goriak geldiarazteko. Parrillen eremuek, gainera, iturri bat dute barruan.