Aste Nagusiari hasiera emateko hamaika egun baino ez dira falta, eta Bilboko Udala badoa pixkanaka-pixkanaka xehetasun guztiak zehazten, den-dena ondo atera dadin. Aurten, aurreko edizioetan izandako harrera bikaina kontuan izanda, Artisautza Azokaren edizio berri bat ospatuko da, 24 postu izango dituena eta, 2022tik aurrera bezala, Campo Volantinen kokatuko dena.

Azokako postuak datorren larunbatetik, abuztuaren 9tik, hilaren 24ra bitartean egongo dira zabalik, hau da, Aste Nagusia hasi baino aste bat lehenago, 11:00etatik 24:00etara. (Ostiraleaneta larunbatean, 01:00era arte.)

Bestalde, globoen salmenta (hamar saltoki) jai-esparruko sei lekutan kokatuko da: hiru Casilda Iturrizar parkean, bat Etxebarria parkean, bi Udaletxeko zubian, beste bi Areatzako zubian, bat Plaza Biribilean eta beste bat San Nikolas plazan.

Jakiak eta edariak kalean saltzeko postuek ere izango dute beren lekua Aste Nagusian. Zehazki, sei food truck jarriko dira leku hauetan: Udaletxeko zubian, Europa parkean (bi), Txikigunean (bi) eta Uribitarte pasealekuan.

Txosnak

Guztira, Udalak 37 txosna jartzeko baimena eman du; baimen hori abuztuaren 16tik 24ra luzatuko da, egun biak barne.

Horiek muntatzeko lanak abuztuaren 6an hasi ahal izango dira, 9:00etan, eta kentzeko lanak gehienez ere lau eguneko epean amaitu beharko dira.

Aste Nagusian garatuko diren jarduera guztien berri emateko, Bilboko Udalak martxan jarri du jaietako aplikazio ofiziala. Bertan, egitarau osoa kontsultatzeko aukera eskainiko zaie erabiltzaileei.