Urtero bezala, Bilboko Udalak herritarren eskura jarri ditu Aste Nagusiko egitarauak, bertsio digitalean zein paperean. Programazioak bai Udalak eta bai Bilboko Konpartsek antolatutako jarduera guztiak biltzen ditu.
Egitaraua formatu digitalean kontsulta daiteke, aukera erosoa, azkarra eta ingurumenarekiko errespetuzkoa. Horretarako, udal webgunean deskargatu daiteke; bertan, Aste Nagusiarekin lotutako jarduera eta albiste guztiak biltzen dituen atal berezi bat prestatu da.
Era berean, beste aukera jasangarri bat da “Bilbao Aste Nagusia 2025” aplikazio ofiziala erabiltzea; datozen egunetan doan eskuratu ahal izango da Android eta iOS gailuetarako. APPa euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez egongo da eskuragarri.
Paperezko bertsioan ere
Gainera, pertsona batzuek internetera sartzeko dituzten zailtasunak kontuan hartuta, Udalak 150.000 ale inprimatu ditu jaien egitaraua paperean.
Datorren astean hasiko da Bizkaiko hiriburuko etxebizitzen postontzietan inprimatutako 100.000 egitarau banatzen. Gainerako 50.000ak eskuragarri egongo dira herritarren arretarako hainbat gunetan, hala nola Barrutiko Udal Zentroetan, Jaien Eremuan (Aznar eraikina), Udalaren Informazio Bulegoan (San Agustin eraikina), Plaza Biribilean (Terminus eraikina) eta Guggenheim Bilbao Museoan kokatutako Turismo Bulegoetan, eta Bilboko Konpartsen egoitzan.
Era berean, 10.000 egitarau ingelesez eta frantsesez egongo dira eskuragarri Turismo Bulegoetan eta hiriko hoteletan, jaietan Uria bisitatzen dutenei arreta emateko.
Pertsona guztiek Aste Nagusiaz goza dezaten eta jai irisgarriak izan daitezen, Udalak hainbat neurri sustatzen ditu. Alde batetik, ikusmen-arazoak dituzten pertsonentzat braillez transkribatutako aleak daude eskuragarri, Herritarrentzako Arreta Bulegoan (San Agustin eraikina), ONCEren egoitzan (Pérez Galdós 11), turismo-informazioko guneetan (Plaza Biribila eta Guggenheim Bilbao Museoa), Txikigunean eta Abandoko (Barrainkua) eta Alde Zaharreko (La Bolsa eraikina) udal-zentroetan. Bestetik, aplikazio ofizialaren edukia Irakurketa Errazean idatzita dago, ulermena errazteko.