Erasoen aurkako kanpaina jarriko du martxan Bilbok Aste Nagusian
Udalak erasoen aurka bultzatutako estrategiaren barruan kokatzen da ekintza hau
Jaiez askatasunez eta beldurrik gabe gozatzeko balio funtsezkoena errespetua dela argi utzi nahi izan du Bilboko Udalak Aste Nagusiaren atarian. Horretarako, 'Errespetu Nagusia / Respeto Nagusia' izeneko erasoen aurkako sentsibilizazio- eta prebentzio-kanpaina instituzionala jarri du martxan.
Udalak erasoen aurka bultzatutako estrategiaren barruan kokatzen da ekintza hau, urtero bezala, "Bilbon jai seguru, berdintasunezko eta inolako indarkeriarik gabekoak bizi eta goza ditzagun", adierazi du Itziar Urtasun Berdintasuneko eta Jaietako zinegotziak.
Edizio honetan, konpromisoa indartuko da bereziki, indarkeria matxistak prebenitzeko eta arrazakeriaren eta LGTBIQfobiaren aurka borrokatzeko konpromisoa, eta indarkeria horien euskarri diren portaera normalizatuei jarriko zaie arreta.
"Berriro esango dugu oraindik argi ez dutenentzat, gure hirian ez dago lekurik inolako eraso matxista, arrazista edo LGTBIQfobikorik egiteko", adierazi du Itziar Urtasunek. "Guretzat errespetua da balio funtsezkoa da gure jaiez askatasunez eta beldurrik gabe gozatzeko", eta, gainera, konpromiso kolektiboaren alde egin du, "jarrera horiek identifikatzeko eta geldiarazteko... erantzukizuna guztiona delako".
Sormen grafikoak, zeina iaz ere erabili baitzen, 'Errespetu Nagusia / Respeto Nagusia' mezua jartzen du erdigunean, Marijaiaren siluetarekin batera, hau da, alaitasuna errespetuz eta berdintasunez ospatzen duen Aste Nagusiaren ikonoarekin batera. Honako mezu hau ere badu: “Bilbo, hiri konprometitua eta eraso matxista, arrazista eta LGTBIQfobikorik gabekoa”.
Jaiak hasi aurreko egunetan, Udalak erasoen aurkako estrategia integrala aurkeztuko du, zeina abuztuaren 16tik 24ra bitartean aktibatuko baita, eta Bilboko konpartsekin eta beste gizarte-eragile batzuekin partekatutako protokoloa ere jasoko du, bai eta edozein eratako erasoa jasaten dutenei arreta emateko erabilgarri dauden udal-baliabideak ere.
Kanpaina Udalaren sare sozialetan, Bilboko Udalaren webgunean eta hiriko kaleetan eta plazetan zabalduko diren publizitate-euskarrietan ikusi ahal izango da.