Asteazken honetan goizean, uztailaren 30ean, Nora Abete alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasuneko zinegotziak eta Daniel Solana Basquetourreko zuzendariak Artxandako Funikularreko goiko geltokia bisitatu dute, lanen osten duen itxura berria ikusteko. Orain espazio moderno, irisgarri eta jasangarria da.
Besteak beste, honako jarduketa hauek egin dira: hallaren eraispen partziala, zimendu berriak, egungo estandarretara egokitutako egiturak eraiki, estalkiak eta fatxadak ordeztu, isolamendu termiko eta akustikoko sistemak instalatu, eta instalazio elektrikoak, saneamendukoak eta argiztapenekoak erabat berritu dira. Era berean, ekipamendu tekniko espezifiko berria jarri da geltokian, haren eraginkortasuna eta funtzionaltasuna handiagoak izan daitezen.
Gainera, makina berriak jarri dira, eta ateak ere bai funikularrera sartzeko nasan. Era berean, geltokiko "balkoiaren" espazioa handitu da, Bilbora begira, eta, orain, toki argitsuagoa eta atseginagoa sortu da hiria ikusteko.
Birmoldaketa integralak 1.479.579,37 euroko inbertsioa egitea eskatu du, Bilboko Udalak eta “Helmugetako Turismoaren Jasangarritasunerako Proiektuetarako“ Europar Batasunaren Next Generation funtsek finantzatuta. Europar Batasunaren ekimen horren xedea da helmugei laguntza ematea berrikuntza turistikorako eraldaketa-prozesuetan, beren eskaintzan ingurumen- eta lurralde-jasangarritasuna eta jasangarritasun ekonomikoa integratu dezaten eta erresilientzia-estrategiak gara ditzaten, klima-aldaketa, gehiegizko eskaria edo osasun- eta segurtasun-krisia bezalako erronkei erantzuteko."
Nora Abete alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasuneko zinegotziak azpimarratu duenez, "erreforma hau aurrerapauso bat da garraio publiko irisgarri, moderno eta eraginkorra eskaintzeko konpromisoan. Proiektu hau baliatu dugu energia-kontsumoa murriztea eta pertsona guztien - batik bat mugikortasun murriztua dutenena - erabilera-esperientzia hobetzea ahalbidetzen duten ingurumen-jasangarritasuneko irizpideak integratzeko. Artxandako funikularra gure historiaren parte da, eta, esku-hartze horrekin, etorkizunerantz begira jartzen gara, Bilboko mugikortasun jasangarriaren ikono gisa”.
Bestalde, Daniel Solana Basquetourreko zuzendariak adierazi duenez, "Helmugako Turismo Jasangarritasuneko Planek 80 milioi baino gehiago txertatu dituzte Euskadin Europako Funtsetatik, eskualde eta udalerrietako era guztietako 34 proiektutarako. Eta hori posible da erakundeen lankidetzari eta gure udalerri eta eskualdeen lan koordinatuari esker."
Obra hori funikularra modernizatzeko asmo handiko prozesuaren barruan dago. Prozesu horrek, azken urteotan, 220 plaka fotovoltaiko eta balaztatze-energia berreskuratzeko sistemak instalatzea ere barne hartu du, energia-kontsumoa % 80raino murriztea lortuz.
Gainera, lorategi bertikal bat jarri da beheko geltokian, airearen kalitatea hobetzen laguntzeko. Lorategi horrek urtean 15 tonatik gora CO2 xurgatzeko ahalmena izango du, hor landatu diren 12 landare-espezieei esker.
Hobekuntza horiekin, funikularrak zerbitzu estrategiko gisa finkatzen jarraitzen du hiriko mugikortasun-sistemaren barruan, eta 2023an erabiltzaileen errekor historikoa erregistratu zuen, 1,1 milioi bidaia baino gehiago egin baitzituen.
“Jarduera honekin, ehun urtetik gorako azpiegitura hobetzeaz gain, Bilboren eta Artxandaren arteko lotura sendotzen dugu, gure hiriko birika berdeetako bat eskuratzeko aukera erraztuz eta mugikortasun garbiaren eredu bat sustatuz, sail honetatik defendatzen ditugun balioekin konektatua: jasangarritasuna, ekitatea eta bizi-kalitatea” amaitu du Abetek.