Astearte honetan goizean, uztailaren 29an, Aste Nagusirako hiru aste baino gutxiago falta direnean, Itziar Urtasun Berdintasun eta Jaietako zinegotzi eta Bilboko Udaleko Jaien Batzorde Mistoko presidenteak modu ofizialean aurkeztu egin ditu aurtengo pregoilaria, Francis Díez Rojo, eta txupinera, Olatz Agirre Sagarna.

Itziar Urtasun, Bilboko Konpartsak elkarteko ordezkariak, musikaria eta Txori Barrote konpartsako kidea batera agertu dira Udaletxeko prentsa-aretoan egin den prentsaurrekoan. Hain zuzen ere, musikaria eta konpartsakidea Aste Nagusiko ekitaldietako irudi nagusi izango dira, beti ere "Marijaiaren baimenarekin".

"Aurten Aste Nagusia beste ikuspegi batetik biziko duzue. Ohituta zaudeten esperientziaren oso bestelakoa da, baina, zalantza barik, oso aberasgarria izango da", adierazi die Urtasunek, eta eskerrak eman dizkie jaiekin duten konpromisoagatik eta erronka hau onartzeko erakutsi duten grinagatik. "Gure jaien hasiera markatuko duten aurpegia eta ahotsa izango zarete, eta ziur nago zeregin hori ilusioz eta energiaz beteko duzuela", gaineratu du. "Ez duzue etenik izango bederatzi egunetan baina aldi berean, une ahaztezinak ere biziko dituzue”.

Francis Díez Rojo

Francis Díez Rojo musikaria (Bilbo, 1958) Udaleko Jaien Batzorde Mistoak aho batez aukeratu du Bilboko Aste Nagusiari hasiera emango dion pregoia irakurtzeko, Arriaga antzokiko balkoian, abuztuaren 16an (zapatua). Uribarrin jaioa, bilbotar peto-petoa da eta euskal musikaren munduan ezinbestekoa. Doctor Deseo taldearen buru, hamarkadetan zehar emozioz, errebeldiaz eta poesiaz bete ditu eszenatokiak. Bilbozale eta Aste Nagusizale amorratua, "jolastitzat eta alaitzat" du bere burua.

Olatz Agirre Sagarna

Jaietako 9 egunetan, Olatz Agirre Sagarna Txupinerak lagunduko dio. Olatz Txori Barrote konpartsako kidea da eta Bilboko Konpartsak izendatu du txupinera izateko.   1969an Santutxun jaioa — gaur egun Zazpikaleetan bizi bada ere — lanbidez delineatzailea da eta Bilboko Udalean dihardu lanean. Ezkonduta dago eta alaba baten eta seme baten ama da. Eskulanak, sukaldaritza eta baratzezaintza maite ditu eta 17 urte daramatza konpartsakide izaten.

Aurkezpenean, Francis eta Olatz Agirre lehen aldiz agertu dira jantzi ofizialak soinean dituztela: ziape-koloreko jaka, Bilboko armarriarekin eta bikornio beltza pregoilariak eta jaka eta txapela gorria, Bilboko armarriarekin, txupinerak. Jantzi horiekin agertuko dira jai guztietan. Traje horiek Zazpikaleetako Merkatarien Elkarteak egiten ditu, Rafael Matiasen oihalekin.