Guateke klasikoenak Casilda Iturrizar parkeko pergolara itzuliko dira Aste Nagusian
Abuztuaren 16tik 23ra bitartean zortzi saio programatu dira, bi bikoitzak izango direnak
Aste Nagusiari hasiera emateko hiru aste baino gutxiago falta direnean, Bilboko Udala badoa uriko espazio guztietako programazioa osotzen. Aste honetan Casilda Iturrizar parkeko pergolako guateke klasikoen egitaraua aurkeztu du. Abuztuaren 16tik 23ra bitartean zortzi saio programatu dira, bi bikoitzak izango direnak. Guztiak 23:30ean hasiko dira, larunbatak 16 eta 23 izan ezik; egun horietan bi saio izango dira: lehena 21:00etan hasiko da DJ Luis Carlos del Pozoren eskutik.
Lehen jardunaldian, abuztuaren 16an, Radio Nervión-ek hartuko du lekukoa, 70eko eta 80ko hamarkadetako urrezko garaia gogora ekarriz.
Abuztuaren 17an, igandea, Mi Gran Noche taldeak 60ko eta 70eko hamarkadetako Espainiako abesti esanguratsuenak eskainiko ditu. Nino Bravo, Los Brincos, Módulos, Formula V, Diablos, Jose Luis Perales, Camilo Sesto, Raphael, Dúo Dinámico eta beste hainbaten arrakasta handien bilduma bat. Abuztuaren 18an, astelehena, Asier Bilbao showman bilbotarrak bere umorearekin eta parodia musikalekin alaituko du gaua.
Abuztuaren 19an, asteartea, Mariachi Imperial Elegancia Mexicana taldeak, 25 urteko ibilbidearekin, ranchera doinuekin eta balada mexikarrekin beteko du Pergola. Abuztuaren 20an, asteazkena, Guillermo Garmendiak, ahots beteranoak, bolero eta balada klasikoen interpretazioak eskainiko ditu estilo mitikoen zale guztientzat.
Abuztuaren 21ean, osteguna, Los Chimberos, euskal musika herrikoiaren erreferenteetako batzuk, ahots anitzeko habanerak ekarriko dituzte. Abuztuaren 22an, ostirala, Alejo Stivelek, Tequila talde mitikoaren abeslariak, pop-rock espainiarreko arrakasta handiak joko ditu, belaunaldi oso baten himnoak bihurtutako kantuak.
Eta abuztuaren 23an, larunbata, Sandro Giacobbe italiarrak emango dio amaiera bikaina zikloari, “El Jardín Prohibido” bezalako kantu ezagunekin, italiar musikaren arrakasta handienetako bat.
Pergolako kontzertuak
- Larunbata, abuztuak 16: DJ Luis Carlos del Pozo (21:00etan) eta 70/80 hamarkadak Radio Nervión-ekin (23:30ean)
- Igandea, abuztuak 17: Mi Gran Noche, pop espainiarraren arrakasta eta klasikoak (23:30ean)
- Astelehena, abuztuak 18: Asier Bilbao Show (23:30ean)
- Asteartea, abuztuak 19: Mariachi Imperial Elegancia Mexicana (23:30ean)
- Asteazkena, abuztuak 20: Guillermo Garmendia, baladak eta boleroak (23:30ean)
- Osteguna, abuztuak 21: Los Chimberos, habanera gaua (23:30ean)
- Ostirala, abuztuak 22: Alejo Stivel (23:30ean)
- Larunbata, abuztuak 23: DJ Luis Carlos del Pozo (21:00etan) eta Sandro Giacobbe (23:30ean)