Bilboko Udalak 128.000 euroko aurrekontua bideratu du Basurtu auzoan komun publiko berri bat jartzeko. Lan horiek bi hilabeteetan egin dira, eta aste honetan amaitutzat eman dira. Komun berria Montevideo etorbideko parte batean dago kokatuta, ospitalearen aurrean eta bide hori Basurtu-Kastrexana errepidearekin lotzen duten eskailera eta igogailuen ondoan.

Ez da hori, ordea, hirian estreinatuko den komun publiko bakarra, Udala beste bi instalatzen ari baita dagoeneko: bat San Mames inguruan, Ingeniarien Eskolako eskaileren ondoan, Torres Quevedo plazako sarbidean. Komun hori egiteko 60.890,08 euroko inbertsioa egin da; eta bestea Gernika lorategianMiribillan, Parte-hartze bidezko Aurrekontuen proiektuaren esparruan, 118.778 euroko inbertsioarekin.

Hiru komun publiko berri horiekin, hiriak 65 komun izango ditu. Komun horiek barruti guztietan daude, eta berez garbitzekoak, doakoak eta irisgarriak dira.

Dantzaldiak

Bestalde, Bilboko Udalak ezagutzera eman du Levante plazan egingo direla dantzaldiak uztaileko larunbat guztietan, uztailaren 5ean, 12an, 19an eta 26an, ohiko ordutegian, 18:00etatik 21:00etara bitartean.

Zuzeneko lau musika-saio programatu dira, eta orkestra bat etorriko da saio horietako bakoitzean. Orkestrek aire zabaleko topagune horretara gonbidatuko dituzte adinekoak, aisialdi osasungarriko espazio hori partekatzera.

Bilboko Udalak helburu argi batekin antolatzen ditu dantzaldiak: Bilboko adinekoen artean bizi-ohitura aktiboak sustatzea eta sozializazioa eta ongizate fisiko eta emozionala hobetzea.

Uztaileko programazioa

  • Uztailaren 5ean: Pergola orkestra
  • Uztailaren 12an: Galea orkestra
  • Uztailaren 19an: Dantza Alai orkestra.
  • Uztailaren 26an: Miguapa orkestra

Dantzaldi guztiak Levante plazan egingo dira, 18:00etatik 21:00ak arte.