Urtero bezala, Bilboko Udala prest dago uztailaren 10etik 12ra bitartean Bilbao BBK Live jaialdia dela eta milaka eta milaka bisitari jasotzeko. Horretarako, hain jendetsua izango den ekitaldian segurtasuna bermatze aldera, Udalak eta jaialdiak hainbat sailen artean koordinatutako udal-operatibo bat planifikatu eta aurkeztu dute. Horri esker segurtasuna, garraio publikoa, osasun-kontrola eta Kobetamendiko ingurunearen garbiketa bermatu ahal izango dira.

Sarrera aldatu eta eskumuturrekoa hartzea, derrigorrezkoa igo baino lehen

Sarreraren truke jaialdiko eskumuturrekoa eskuratu behar da esparrura igo baino lehen. Astelehenean eta asteartean (uztailak 7 eta 8) sarreraren ordez eskumuturrekoak jasotzeko aukera izango da, BBK Salan 11:00etatik 20:00etara bitarte. San Mamesen eta BEC!en, ordutegia honako hau izango da: asteazkena, uztailaren 9tik hasi eta larunbata, uztailaren 12ra bitarte, goizeko 10:00etatik goizaldeko 02:00etara.

Jaialdiaren eremuan ezin izango da sarreraren ordez eskumuturrekoa eskuratu, eta jaialdiko autobusetan ezin izango da sartu eskumuturrekorik gabe.

Kobetamendira oinez igotzea

Kobetamendi Irteera ekimenak tinko dirau Bilbao BBK Live jaialdian. Jarduera horren bitartez, mugikortasun jasangarria sustatzen da, natura-ingurunearekiko lotura indartu, eta esperientzia kolektibo bat sustatzen da jaialdian zehar.

2,5 kilometroko ibilbidea da, San Mameseko zabalgunetik hasi eta jaialdiaren barruko Balore espazioraino, eta gutxi gorabehera ordu-erdian egiten da, txaranga batek animatuta. Ekimenaren helburua jaialdiaren karbono-aztarna murriztea da eta, aldi berean, publiko guztiaren partaidetza eta sentsibilizazioa aktibatzea, jai giroko esperientzia kontziente bat eskainita; izan ere, publikoaren inplikazioa saritzen da, baita arreta hurbila eta pertsonalizatua eskaini ere.

Kobetamendirako sarbideak

Trafikoan aldaketa eta mozketa nagusiak jaialdiko esparruaren inguruan izango dira, Kobetamendin. Zehazki, Kobetabidean trafikoa itxita egongo da Basurtu-Kastrexana errepideko bidegurutzetik, eta sarbidea Mintegitxueta auzotik, Masustegitik eta Altamiratik izango da.

Ibilgailu pribatuen kasuan, lehen murrizketak uztailaren 9an ezarriko dira, asteazkenean, 11:00etatik aurrera, eta igandera arte egongo dira indarrean, egun horretan itzuliko baita auzoa normaltasunera, pixkanaka.

Segurtasuna dela-eta, Udaltzaingoak ordutegi horiek aldatu ahal izango ditu, jende kopuruaren arabera. Era berean, baimendutako ibilgailuek, garraiobide publikoek eta auzokideek soilik izango dute pasatzeko baimena, betiere behar bezala egiaztatuta egonez gero.

Gogoan izan erabat debekatuta dagoela ibilgailu pribatuekin sartzea, bai kontzertu-eremuetara, bai kanpinera, eta jaialdira bertaratzen direnek, oinez iristeko aukeraz gain, antolakuntzak prestatutako garraiobideak baliatu ahal izango dituztela, autobusen anezka-zerbitzuaren bitartez (“Kobetamendi anezka” zerbitzua).

Autobusa erreserbatzea

Jendea modu ordenatuan igo dadin eta garaiz planifikatu ahal izateko, autobus-zerbitzua egongo da aurten ere, aurrez erreserba eginda. Zerbitzu horrek bi abiapuntu izango ditu: Felipe Serrate kaletik –San Mames ondoan– eta, aurtengo berrikuntza gisa, baita BEC! etik ere, jaialdiko egun bakoitzean, 16:00etatik 22:00etara, 10 minutuan behin. Bidaiaren prezioa 3,5 € izango da, soilik igotzeko izango da eta aldez aurretik egin beharko da erreserba, jaialdiaren webgunean. Pertsona bakoitzak gehienez ere 10 txartel erosi ahal izango ditu.

Autobusak doan

Gainera, autobusen anezka-zerbitzua ere izango da, doan, esparrura joan eta handik itzultzeko. Betiko lez, joanekoan busak BEC!-etik abiatuko dira, Barakaldon, Ansioko metro-geltokiaren ondoan –aparkatzeko 3.500 toki prestatuko dituzte–, baita San Mames ingurutik ere, Basurtuko Kaputxinoen kalearen amaieran, BAMI eraikinaren (Ogasuna-ETB) atzeko aldean.

Autobusak etenik gabe arituko dira lanean uztailaren 9ko (asteazkena) 12:00etatik uztailaren 13ko (igandea) 15:00ak arte; zerbitzuaren maiztasuna aldakorra izango da, eskaeraren eta aurreikusitako beharren arabera.

Jaialdiko egun guztietan, 16:00etatik aurrera, Beyena fabrika zenaren inguruan geratuko dira autobusak eta, handik, oinez egin beharko ditu jendeak jaialdiaren eremura dauden 800 metroak.

Era berean, programatutako kontzertuak bukatutakoan anezka-zerbitzuko autobusak hartu ahal izango dira bueltarako. Beyena pareko geltokitik, hesitutako guneetan egon beharko da zain Basurtu-San Mamesera edo BECera doazen autobusak hartzeko. Halaber, kanpistek ere autobusak izango dituzte kanpinera joateko, asteazkena uztailaren 9tik hasita, eta jaialdiak irauten duen hiru egunetan, 24 orduz, bai kontzertu-eremura joateko, bai kanpinera itzultzeko. Kontzertuetan anezka-zerbitzu bat egongo da, jaialdiaren esparrua (hegoaldean) kanpinaren gunearekin lotzeko.

Taxiak eta gidaridun garraio-ibilgailuak (VTC)

08:00etatik 16:00etara, gutxi gorabehera, taxiak eta gidaridun garraio-ibilgailuak esparruko sarreraren ingururaino hurbildu ahal izango dira, bidaiariak uztera. Ordu horretatik aurrera, jaialdiaren esparrura taxiz eta VTCz iristen direnak Beyena lantegi zaharraren inguruan geratuko dira.

Mugikortasun urriko pertsonak

Antolatzaileek mugikortasun urriko pertsonentzako jarritako anezka-zerbitzuak ez du etenik izango 17:00etatik 07:00etara bitarte, San Mamesetik esparruko sarrerara, jaialdiko egun guztietan. Esparruaren barruan, MUPentzako eremuak egongo dira, eta soilik MUPentzat gordetako espazioa ere egingo da, laguntzaile espezializatu eta guzti.

Kanpina eta agertokiak 'cashless' jaialdi batean

Esparrutik 3 kilometrotara dago Bilbao BBK Live jaialdiko kanpalekua, Bilboko aisialdirako berdegune handienetako batean, oinarrizko zerbitzu guztiekin, hala nola ura, dutxak, komunak –ispiluak eta entxufeak ere izango dira–, armairuak eta jakien gunea. Kanpina asteazkenean irekiko da, hilak 9, 12:00etan, eta igandean, hilak 13, itxiko da, 15:00etan.

Bilboko Udalak gogorarazi duenez, horretarako prestatutako eremuan soilik jarri ahal izango dira kanpinak, eta kontzertuen gunetik kanpalekura oinez joaten ez diren kanpinzaleei eskatu die doako autobus-zerbitzua erabil dezaten, batez ere, gauez, zerbitzua 24 orduz egongo baita martxan. Era berean, gogoan izan ezin dela surik egin, segurtasuna dela-eta.

Bilbao BBK Live jaialdiko kontzertuak martxan jartzeko beharrezkoak diren ibilgailuak eta bestelako ekipamenduak hartzeko helburuarekin, Kobetamendiko udal autokarabanentzako gunea itxita egongo da.

Jaialdiko esparrua 17:00etan zabalduko da egunero, eta sei agertokitan banatuko da Bilbao BBK Live 2025eko musika guztia, Kobetamendin.

Bilbao BBK Live jaialdia erabat ‘cashless' izango da, hau da, eskudirurik gabe funtzionatuko du. Jaialdiko ordainketa guztiak (merchandisinga, janaria eta edaria) eskumuturra biratuta egin ahal izango dira, eskumuturreko adimendunetan txertatutako teknologiari esker; jaialdira datorren pertsona bakoitzak bere eskumuturrekoa jasoko du sarrera balidatzen duenean eta, sartzeko aukera emateaz gain, ordainketa-sistema segurua ere bermatuko dio eskumuturrekoak.

Eskumuturrekoa online kargatu daiteke, webgunearen bitartez edo fisikoki, eskudirutan edo txartelarekin ordainduta, Kobetamendiko esparruan jarriko diren kargatzeko puntuetan. Zenbateko saldoa geratzen den jakiteko, jaialdiko edozein karga-puntutan edo kobratzeko gailutan egin ahal izango da kontsulta.

Sobera geratzen den zenbatekoa automatikoki itzuliko zaie eskumuturrekoa online kargatu dutenei, inolako kosturik gabe eta transferentzia egiteko gutxieneko zenbatekorik gabe. Dirua jaialdiko karga-postuetan sartzen dutenek, berriz, uztailaren 16tik aurrera (asteartea) eskatu ahal izango dute soberako diru horren itzulketa, jaialdiaren webgunean jakinaraziko den atariaren bitartez, inolako kosturik gabe eta transferentzia egiteko gutxieneko zenbatekorik gabe.

Bilbao BBK Live jaialdiko kontzertuak martxan jartzeko beharrezkoak diren ibilgailuak eta gainerako tresnak kokatzeko asmoz, Kobetamendin dagoen autokarabanentzako udal harrera-gunea itxita egongo da.

Segurtasuna

Ibilgailu pribatuen kasuan, lehen murrizketak uztailaren 9an ezarriko dira, asteazkenean, 10:30etik aurrera, eta igandea 13ra arte egongo dira indarrean, 15:00ak arte.

Segurtasuna dela-eta, Udaltzaingoak ordutegi horiek aldatu ahal izango ditu, jende kopuruaren arabera. Era berean, baimendutako ibilgailuek, garraiobide publikoek eta auzokideek soilik izango dute pasatzeko baimena, betiere behar bezala egiaztatuta egonez gero.

Gogoan izan erabat debekatuta dagoela ibilgailu pribatuekin sartzea, bai kontzertu-eremuetara, bai kanpinera, eta jaialdira bertaratzen direnek oinez iritsi beharko dutela, edo antolakuntzak prestatutako garraiobideak baliatu ahal izango dituzte, autobusen anezka-zerbitzuaren bitartez (“Kobetamendi anezka” zerbitzua).

Edizio honetan, jaialdiaren segurtasuna indartuko da ostera ere, eta Ertzaintza, Udaltzaingoa eta Bilbao BBK Live jaialdiko segurtasun-langileak koordinatzen dituen dispositibo berezi bat antolatu da, bertaratzen direnen ongizatea bermatzeko, bai jaialdiko esparruaren barruan, bai inguruan.

Udaltzainek esparruko sarbideak eta sarrera zaindu eta kontrolatuko dituzte, deliturik eta istilurik egon ez dadin, eta iruzurrezko salmentei eta bide-segurtasunari bereziki erreparatuko diete.

Salaketak jartzeko eta atestatuak egin ahal izateko, poliziaren arreta-zerbitzua egongo da Udaltzaingoaren bulegoetan, Basurtu/Errekaldeko Auzo Ikuskaritzan (Tellagorri kalea 3), 22:30etik 07:30era.

Bilboko Udaletik gogorarazi dute, halaber, eremura lehenbailehen joatea komeni dela, batik bat, kanpisten kasuan, jendea pixkanaka irits dadin eta, hartara, sartzeko ilaran denbora gutxiago egon behar izateaz gain, poltsa eta motxilen miaketak azkarrago egingo dituzte, egin behar izanez gero.

Era berean, Udalak publikoaren kolaborazio ahalik eta handiena ere eskatu du, une oro bete ditzan ekitaldiko segurtasun-langileen, udaltzainen eta ertzainen argibideak.

Suhiltzaileen Zerbitzuak, bestalde, sei lagunez (karguduna eta bost suhiltzaile) osatutako taldea izango du prest kontzertuen ordutegian, egunero, autoponpa astun batekin eta 4x4 ibilgailu arin batekin.

Era berean, jaialdiaren aurreko muntaketa-egunetan hasita, goizero, gune eta puntu arriskutsuak miatuko dira, baita urez hornitzeko puntuak, sarbideak eta abar ere.

Koordinazio-zentroa, postu medikoa eta anbulantziak

Bai jaialdiaren barruan, bai inguruko eremuetan erantzun egokia ziurtatu ahal izateko, Jaialdian Segurtasuna Koordinatzeko Zentro bat antolatu da; segurtasun-langileak, udaltzainak, ertzainak, suhiltzaileak eta osasun-langileak egongo dira bertan. Autokarabana-aparkalekutik gertu kokatuko da, eta kontzertuen esparruaren barruan postu mediko bat jarriko da, bi gunetan banatuta: laguntza medikoa eta eboluzio-gela.

Kontzertuek irauten duten bitartean, anbulantziak esparruko eremu guztietan egongo dira: agertoki nagusietan, atseden hartzeko eremuaren inguruan eta postu medikoan, eta horietako bat 24 orduz egongo da martxan. Suhiltzaileen kamioi bat edozein larrialditarako prest egongo da, beharrezkoak diren gailu eta suhiltzaile guztiekin.

Kanpalekuan, halaber, segurtasuneko eta osasun-laguntzako kideak egongo dira 24 orduz.

Garbiketa eta hondakin-bilketa

Uztailaren 10ean, 11n eta 12an, Bilbao BBK Live 2025 jaialdiak irauten duen bitartean, garbiketa-lanak eta hondakin-bilketak egingo dira esparru osoan, baita Altamira eta Lezeagatik esparrura sartzeko jende gehien ibiltzen den guneetan ere; goizeko 07:00-08:00 inguruan hasi eta 15:00ak arte jardungo dira lan horietan, batez beste, 47 langile, egunero, 21 ibilgailurekin: kamioiak, erratz-makinak, hidrogarbigailuak eta ura botatzeko makinak.

Ingurua ahalik eta garbien izate atera, 555 edukiontzi jarriko dira guztira: 1.100 litroko edukiontziak, kuboak eta igluak; baita 6 metro kubikoko 6 erretilu ere, hondakinak gaika bildu ahal izateko.

Garbiketako lantaldeak egunero hainbat bilketa egingo ditu kanpalekuan, kontzertuen aurretik eta ondoren, eta eguneko 24 orduetan errepaso sistematikoak egingo dira sarrera nagusian eta inguruetan, kanpalekuko gune komunetan eta jendea ibiltzen den tokietan, hala nola autobus-geltokietan, bai kontzertuetara iristeko gunean, bai jaialdira datozen autobusen abiapuntuetan, hau da, batez ere San Mames inguruan.

‘Basoa 'eta‘ Lasai' agertokietan, garbiketa lanak erabat eskuz egingo dira, zuhaitz asko daudelako.

Ura botatzeko makinak erabiliko dira eremu osoa bustitzeko eta, hartara, garbitzean ez da hainbeste hauts harrotuko, garbiketa-lanetan ari diren beste kolektibo batzuei eragozpenik ez sortzearren.

Gainera, kontzertuak diren egunetan, garbiketa-dispositibo berezi bat egongo da Altamira auzo osoan, jaialdiko esparrura oinez igotzen eta jaisten direnen arrastorik sumatu ez dadin. Jaialdia amaitutakoan, garbiketa sakona egingo da Kobeta parkean, herritarrek erabiltzeko moduan utzi arte.

Osasun-kontrola

Osasun-kontrola muntaketa-lanei ekin aurreko ebaluazioarekin hasi da, Osasun eta Kontsumo Arloaren eskutik; izan ere, Osasun Memoriak aztertu dituzte eta, behar izanez gero, zuzenketak proposatu. Era berean, zenbat komun eta ur-iturri dauden ere ebaluatzen dira, aurreikusitako jende kopuruaren arabera, egoera onean egon daitezen.

Horrela, bada, inaugurazioaren aurreko egunean, azpiegitura guztia muntatuta dagoela, Osasun eta Kontsumo Arloko teknikarien hiru ikuskapen-taldek lehen ikuskapena egiten dute; funtsean, elikagaiak eta edariak saltzen dituzten establezimendu guztiek ur-puntuak, material egokiak, behar adinako edukiera duten hotz-aparatuak, manipulazio-guneak eta abar badituztela egiaztatzen da, eta komunen kopurua eta aldizkako garbiketa-protokoloa egokiak direla. Jendeari, oro har, produktuak saltzeko establezimenduak, VIP guneetan dauden salmenta-puntuak, eta langile eta artistentzako jantokiak ere ikuskatzen dira.

Inaugurazioaren egunean berean, goizean beste ikuskapen bat egiten da, eskainiko diren elikagai eta edari guztiak egiaztatzeko: jatorriak, iraungitze-datak, freskotasuna, kontserbazioa eta abar. Gerora, beste ikuskapen bat, gutxienez, egiten da.

Gainera, nabarmendu behar da kanpalekua ere ikuskatu eta kontrolatuko dela.

Jaialdiaren antolatzaileek profesional higieniko-sanitarioen lantalde bat prestatu dute, elikagaien segurtasuneko operatiba egokia dela ziurtatzeko.