Síguenos en redes sociales:

BilbaoArteko ate irekien jardunaldiak inauguratu ditu Aburtok

Erakusketa batean biltzen ditu 2024/2025ean BilbaoArte Fundazioan estudio-lagapeneko beka modalitatean egonaldia egin duten 14 artisten azken ekoizpenak

BilbaoArteko ate irekien jardunaldiak inauguratu ditu AburtokB. U.

Asteazken honetan goizean, ekainaren 25ean, Bilboko alkate Juan Mari Aburtok BilbaoArte Fundazioko ate irekien jardunaldiak inauguratu ditu. Bilboko Udalaren ekoizpen artistikorako zentroak erakusketa batean biltzen ditu 2024/2025ean BilbaoArte Fundazioan estudio-lagapeneko beka modalitatean egonaldia egin duten 14 artisten azken ekoizpenak.

Alkatearekin batera Kultura eta Gobernantzako zinegotzi Gonzalo Olabarria, Berdintasun eta Jaietako zinegotzi Itziar Urtasun, Administrazio Kontseiluko eta Udalbatzako ordezkariak eta BilbaoArteko zuzendari Javier Riaño egon dira baita ere.

Ekitaldi horretan, alkateak lan bakoitzaren lan-prozesua ezagutu ahal izan du egileen eskutik eta zorionak eman dizkie guztiei. Halaber, Udalak BilbaoArte ekoizpen-zentro horrek dakarren eredua mantentzeko eta indartzeko konpromisoa hartu duela adierazi du. Publiko orokorrak Urazurrutia 32ko zentroa bisitatzeko aukera izango du gaur arratsaldetik aurrera eta datorren ostiralera arte.

Ate irekien jardunaldiak BilbaoArten

Artista egoiliarren estudioak zabalik egongo dira gaurtik (ekainak 25, asteazkena) ekainaren 27ra (ostirala) arte, komunitate artistikoari eta herritarrei BilbaoArten egondako hilabeteetan egindako ekoizpenak zuzenean ezagutzeko aukera emanez. Bisitariek aukera izango dute egileekin artelanei buruz dituzten iritziak trukatzeko eta artisten iruzkinak jasotzeko. Lan horiek arte garaikidearen azken joeren, moduen eta lan-prozesuen erakusgarri dira.

Urazurrutia kaleko 32. zenbakian dagoen udal arte zentroko aretoetan adin eta jatorri ezberdinetako artista garaikideen proposamenak egongo dira egunotan: M. Benito Píriz, Leo Burge, Ana Busto, Almudena Crespo, Miren Doiz, Hodei Herreros, Marta Lorenzana, Pablo Marte, Yon Matauko, Gabriele Muguruza, Joey Ordoñez, Javier R. Peréz-Curiel, Marc Vives eta Judith Voet.