Astelehen honetan 130 urte bete dira Bilboko Udal Musika Bandak bere lehen kontzertu ofiziala eskaini zuenetik. Areatzako Kioskoan izan zen, 1895eko ekainaren 9an. Egun berezi hori ospatzeko, Bilboko alkate Juan Mari Aburtok harrera egin dio Bandari udaletxeko Arabiar Aretoan.
Omenaldian izan dira, halaber, Udalbatzako ordezkariak, Bilbao Musikako zuzendari kudeatzailea, Ana Madariaga; Bandako 44 kide aktibo eta erretiratu; Jose Rafael Pascual-Vilaplana zuzendaria; zuzendariak eta zuzendari ohiak; Kontseiluko ordezkaritza bat, Itziar Urtasun presidentea buru zutela; eta erakundeko langileak, Bilboko historian ibilbide luze hau posible egin dutenak.
"Bere kalitate artistiko egiaztatuaz eta aintzatetsiaz gain, Banda gure uriaren erritmoaren benetako ispilu izan da. Garai bakoitzeko baldintza eta eskarietara egokitzen jakin du, eta urte guzti hauetan bilbotar askoren, belaunaldi askoren bizitza markatu duten ekitaldietan parte hartu du ", adierazi du alkateak. “Ziur nago gure Bandak beste 130 urtez jarraituko duela Bilboren bilakaeran protagonista izaten, bilbotarren hurrengo belaunaldientzako kultura, emozioa eta etorkizuna ereiten”, azpimarratu du Aburtok".
Bere hitzaldian, Alkateak zorionak eman nahi izan dizkio Bandari azken hamarkadan bizi izan duen kalitate eta profesionalizazio jauziagatik ere. "Sendotutako taldea dugu, moldakorra, fidagarria, errespetatua, bai hemen, etxean bai kanpoan. Programa garaikideak, errepertorio klasikoa eta hizkuntza artistiko berriak bikaintasunez lantzeko gai dena. Hori guztia talde bikain hau osatzen duten pertsona bakoitzaren talentuari, konpromisoari eta dedikazioari esker da. Zorionak! ", nabarmendu du.
Hala, Udalaren eskutik opari berezi bat jaso dute bertaratutakoek, musikaren bidez kultura, artea eta hezkuntza bultzatzeko egindako lanagatik. BilbaoArte Fundazioarekin lankidetzan, Urtzi Urkixok Areatzako Kioskoan oinarritzen den serigrafia sorta mugatu eta zenbakitu bat sortu du. Espazio horretan hasi zen guztia duela 130 urte, memoriaz eta emozioz betetako tokia, Bilboren ikurretako bat.
Bilboko Udal Musika Banda
1895eko ekainaren 9an, José Sainz Basaberen zuzendaritzapean, Bilboko Udalaren Musika Bandak bere lehenengo kontzertua eman zuen Areatzan. Harrezkero José Franco Ribate (1924), Pedro Córdoba Rozas (1928), Jesús Arambarri Garate (1932), Bruno Muñoz (1950), Urbano Ruiz Laorden (1969), Antonino Ibarrondo Oleaga (1979), Jesús María Bilbao Estefanía (1995), Rafael Sanz Espert (2002) eta José Rafael Pascual Vilaplana (2015) izan dira ehun urtetik gora dituen Udal Bandaren zuzendariak.
Bilbao Musika Toki Erakunde Autonomiadunaren barruan dago. Aipatzekoak dira bere emankizunak ekitaldi ofizialetan, ospakizun herrikoietan eta musika jaialdietan (Musika-Música), halaber, Azkuna Zentroan, Juan Crisóstomo de Arriaga Kontzerbatorioan eta Areatzako kioskoan eskaintzen dituen kontzertu zikloak.
Azpimarratzekoak dira, era berean, Euskalduna Jauregiko Auditorioan egiten diren kontzertu denboraldiak. Ziklo horietan izen handiko zuzendari gonbidatuak izan ditu, hala nola: Enrique García Asensio, Pablo Sánchez Torrella, Juan José Ocón, Darío Sotelo, José Mª Sáinz Alfaro, Gary F. Lamb, Richard Miles, Thomas Rotondi, Evgeny Dzhalalov, Pablo dell'Oca, Fernando Bonete, Jan Cober, Douglas Bostock, Franco Cesarini, Philip Sparke, Laszlo Marosi, Yves Segers, Maurice Hamers, Isabelle Ruf-Weber edo Nacho de Paz; elkarte eta bakarlari handiak ere bai: Pedro Iturralde, Kepa Junkera, Astrid Crone, Manuel Bobenrieth, Javier Eguillor, Manel Ramada, Santiago Juan, Mª Eugenia Silguero, Euskadi Brass metalezko boskotea, Donostiako Orfeoia, Ensantzeko Koru Masa, Bilboko Koral Elkartea, Inés Olabarria, Claudi Arimany, Vicente Zaragoza, Juana Guillem, José Franch-Ballester, Manuel Blanco, Albert Guinovart, Ximo Vicedo, Fernando Latorre, Marta Ubieta eta Serafín Zubiri, besteak beste.
Bandaren diskografia 20 diskokoa da: "Aires de Euskal Herria", biniloan grabatuta; CD bikoitza, barne zuena José Franco Ribateren lanekin egindako monografikoa eta pasodobleen aukeraketa bat, mendeurrena zela eta; Ciudad de Valencia 2002 banden nazioarteko lehiaketan grabatutako CDa; "Banda Band" Oskorrirekin batera; "Concierto de Navidad" eta "Cantando durante 125 años", biak ala biak Bilboko Koral Elkartearekin; "Spanish music for wind band" jazzaren arloko abestiekin; hiru CD bikoitz, Euskalduna jauregiko zuzeneko emanaldiekin, "Tell me a Brass Story" Spanish Brass metaleko boskotearekin batera; "Zarzuela" CD monografikoa, Iñaki Urkizuk zuzendua, "Urko herrikoi" Donostiako abeslariekin; "Miradas" David Rivas Domínguez-en obrekin; "Románticos olvidados" Emilio Serrano, Sebastián Iradier eta José Frescoren musika-konposizioekin; "Cosas de la imaginación", Eduardo Morenoren zuzendaritzapean eta "Bidaiak" eta "Haizea" Jose R. Pascual-Vilaplanak zuzenduta.
Bere jarduera ugarian kontzertu asko eskaini ditu Estatuko entzunareto eta antzoki garrantzitsuenetan (Valentziako Palau de la Musica, Unió de Llíria Antzokia, Gasteizko Principal Antzokia, Iruñako Gayarre Antzokia, Tenerifeko Santa Cruzeko Angel Guimerá Antzokia, Donostiako Kursaal, Bartzelonako L'Auditoi, Arriaga Antzokia, etab.) Halaber, izan du partaidetza: EITBko gabonetako saio berezi batean, Aste Nagusian Abandoibarran, Kepa Junkera, Oskorri, Sole Jiménez, Serafín Zubiri, Urko eta Doctor Deseorekin emandako kontzertuetan; Errenteriako Musikaste amaierako kontzertuan Andra Mari Koralarekin, Tenerifen, Banda Sinfonikoen Zuzendarien, konpositoreen, moldatzaileen eta instrumentisten IV. Biltzar Iberoamerikarrean; Espainako Flauitisten Elkartearen IV. bileran, Madrilgo Canal-eko Antzokien Musika Banden III. topaketan, "Vila de la Sénia" Musika Banden lehiaketan, Leoneko musika espainiarren XXX. Jaialdian, Utrecht-en (Holanda) 2017ko WASBEk antolatutato Bandentzako Nazioarteko konferentzian, IFOB-a 2019 programa barruan, "La Pamplonesa" Iruñeko musika Bandaren Mendeurrenaren ekitaldietan; Toroko Latorre Antzokian (Zamoran) David Rivas-en lanekin ospatutako kontzertuan; Bilboko Miribilla Arenan Fair Saturday-aren inaugurazio kontzertuetan 1.000 artista baino gehiagorekin batera (2018 eta 2019) eta Bartzelonako Udalaren Bandarekin L'Auditorin eskainitako kontzertuan, besteak beste.